Politika -

Txertaketa irregularrak

Legebiltzarrak Gotzone Sagardui sailburua gaitzestea baztertu du

EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa baliatu dute EH Bilduren eta PP+Cs-ren zentsura ekimenak atzera botatzeko. Berdina gertatu da EP-IUk txertaketa irregularraren "erantzukizunak argitzeko" eskearekin.

Sagardui, bere eserlekuan, Erkoreka eta Urkullu ondoan dituela. Argazkia: EFE
Sagardui, bere eserlekuan, Erkoreka eta Urkullu ondoan dituela.
EAJk eta PSE-EEk atzera bota dute Gotzone Sagarduiren gaitzespena

1:36

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSE-EEren botoekin, baztertu egin du Gotzone Sagardui Osasun sailburua gaitzestea, EH Bildu eta PP+Cs-k eskatu bezala. Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako txertaketa irregularren auziagatik sailburuaren jarduna zentsuratzea galdegin dute bi taldeok. Elkarrekin Podemos-IUren beste testu bat ere errefusatu du ganberak, auzian "erantzukizun guztiak argitzea" eskatzen zuena, hain justu.

Otsailean erregistratu zuen koalizio abertzaleak ekimena, baina hasiera batean esperoan utzi zuen, gertaeren eboluzioaren zain eta "Jaurlaritzari konfiantzarako tarte bat" emate aldera. Hala ere, iragan astean EAJk eta PSE-EEk txertaketa bidegabeen inguruko agerraldia atzera bota ostean, Sagardui gaitzesteko ekimena berriro aktibatu zuen EH Bilduk.

Zentsura proposamenari Eusko Jaurlaritzaren babes osoarekin egingo dio aurre Sagarduik, eta, babes horren erakusle, Eusko Jaurlaritzako sailburu guztiak (EAJkoak eta PSE-EEkoak) ganberara joan dira gaur. Osasun sailburua lehendakariak lagunduta heldu da Legebiltzarrera. Behin eta berriz babestu du Urkulluk Sagardui, azkenezkoz, ostiralean: "Gotzone, nire konfiantza duzu, eta ez bakarrik nirea, Eusko Jaurlaritza osoarena ere".

Eztabaida 12:00ak jota hasi da, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen agerraldirekin. Uberaren esanetan, gaitzespen ekimena "ez da albiste ona" ez Jaurlaritzarentzat, ez koalizio abertzalearentzat. "Zuek behartu gaituzue aurkeztera", salatu du. Argudiatu duenez, "onargarria da erabakietan ez asmatzea, baina onartezina da gezurra esatea eta gehiengo osoa erabiltzea gezurra estaltzeko". 

Uberaren ostean, Jon Hernandezek hartu du hitza, Elkarrekin Podemos-IU taldearen izenean. Koalizio ezkertiarrak bere testua aurkeztu du, txertaketa irregularren auzian "erantzukizun guztiak argitzeko" eskatzeko, eta ez sailburuaren gaitzespena proposatzeko. Hernandezek azaldu duenez, Santa Marina eta Basurtuko erietxeetan gertatutakoa argitzeko ikerketa batzordearen aldekoa zen bere taldea, eta deitoratu du ganberak atzera bota izana. Horren ustez, auzi honetan Jaurlaritzak ez du "gardentasuna nahi izan, ezikusiarena egin nahi izan du".

Laura Garrido PP+Cs taldeko osasun arloko bozeramaileak oso estu hartu du Jaurlaritza eta Sagardui bera. Aitortu duenez, "ez genuen uste eztabaida hau egingo genuenik, sailburuak dimitituko zuelakoan edo lehendakariak kargutik kenduko zuelakoan geunden eta". Garridoren ustez, Sagardui "ihesean ibili da, eta harekin bat egin ez duen oro deabruaren pare jartzen", Bilboko bi ospitale horietan gertatu zen "egia" ez kontatzeko. "Zeri diozue beldurra?", galdetu du. Era berean, salatu du Jaurlaritzak ez diela taldeei txertaketen inguruko espedientea helarazi.

Kritiken aurrean, Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak “gezurra edo erdi-egiak esatea” egotzi dio oposizioari, “sailburuak gezurra esan zuela argudiatzen saiatzeko”. Gainera, sailburuaren lana “oztopatzen” saiatzea ere leporatu dio. Horren esanetan, behin txertaketen espedientea Parlamentuan aurkeztu zela, “behin betiko” ezagutu zen gertatutakoa, eta, horregatik errefusatu dute agerraldia egitea jeltzaleek eta sozialistek.

PSE-EEren izenean, Ekain Ricok gogorarazi du Sagardui gaitzesteko eskera otsailaren 12an aurkeztu zuela EH Bilduk. “Horrek erakusten du hasieratik erabakita zutela erreduna dela, eta berdin zaizuela edozein ikerketaren emaitza”, adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Osakidetza PNV-EAJ Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra bideoak Alderdi politikoak berriak Gaixotasunak bideoak EH Bildu Araba PSE-EE albisteak Euskadiko PP berriak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Osasun albisteak gaur Basurtuko ospitalea albisteak Txertoak egutegia Vox Koronabirusaren Eris aldaera gaur