Politika -

Enpresetan parte hartzea

Legebiltzarrak banku publiko bat sortzearen kontra egin du

Elkarrekin Podemos-IU eta EH Bildu taldeek proposatutako finantza tresnaren aurka bozkatu dute EAJk, PSE-EEk, PP+Cs-k eta Voxek.

El Parlamento Vasco, en una foto de archivo de EFE.
El Parlamento Vasco
El Parlamento Vasco, en una foto de archivo de EFE.

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak, EAJ, PSE-EE, PP+Cs eta Vox taldeen botoekin, banku publiko bat sortzearen kontra egin du gaur osoko bilkuran. Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk elkarrekin aurkeztutako proposamena izan da atzera botatakoa. Biek ala biek banku publiko bat sortzea defendatzen zuten, estrategikoak diren enpresei kreditu eragiketak emateko eta industria enpresa berrietan parte hartzeko.

Esan bezala, Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek, popularrek eta Voxek ekimen horren kontra bozkatu dute.

Ezkerreko bi koalizioaren proposamenaren arabera, behar bezala kapitalizatutako enpresa proiektuak finantzatuko lituzkeen banku publikoko tresna bat sortzea zen helburua, eta horretarako, Eusko Jaurlaritzak Euskal Finantza Erakundea banku erakunde bihurtzeko aukera aztertu beharko luke, David Soto Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak azaldu duenez.

EAJk eta PSE-EEk (gehiengoa dute) aukera hori baztertu dute argudiatuta Jaurlaritzak badituela nahikoa finantza erreminta, hala nola, Finantzen Euskal Institutua eta sortu berri den Finkatuz funtsa.

Hala, gehiengo hori baliatuta eta PP+Cs taldearen abstentzioarekin (gainerako taldeek kontra bozkatu dute), Legebiltzarrak zuzenketa onartu du Jaurlaritzari eskatzeko, Finantzen Euskal Institutuaren bitartez, zein sektore lehenetsi behar diren parte hartze publikoa bideratzeko. 

Taldeen iritziak

Eztabaidan zehar, David Soto Elkarrekin Podemos-IU legebiltzarkideak kapitalismoa bultzatzen duten politikak sustatzea egotzi die EAJri eta PSE-EEri. Salatu duenez, funtsek kudeatzen dituzte dirutza handienak dituzten kontuak eta bankuek industria "zukutu" baino ez dute egiten "enpresak deskapitalizatuz". "Euskadin industrian esku sartze publikoa behar da enpresak kapitalizatzeko eta euren sustraiak bermatzeko".

Iker Casanovak (EH Bildu) Euskaltelekin gertatutako pribatizazio "basatia" jarri du adibidetzat, diru publikoarekin sortutako enpresa bat "espekulazioa beste helbururik ez duten funtsen esku" geratu dela salatu du. Era berean, Jaurlaritzari Finkatuz funtsa lehenbailehen martxan jartzeko eskatu dio, duela sei urte baitu ahotan baina oraindik ez baitu martxan.

Alaitz Zabalak (EAJ) eta Susana Corcuerak (PSE-EE) gogorarazi dutenez, Jaurlaritzak urteak daramatza ekintzailetza eta enpresa estrategikoak bultzatzeko programa ezberdinak garatzen, eta horrenbestez, ez dute beharrezko ikusi banku publiko bat sortzea.

Bestalde, Jose Manuel Gil (PP+Cs) legebiltzarkidearen ustez, Jaurlaritza eta Legebiltzarra ezin dira enpresa pribatuen operazioetan sartu. Amaia Martinezen (Vox) esanetan, berriz, banku publiko bat sortzea "astakeria" litzateke enpresa pribatuak publiko egiteko beste asmorik ez lukeelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Ekonomia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Enpresaburuak Vox