Politika -
Bonbardaketaren urtemuga
Gernikak bonbardaketaren biktimak oroitu ditu 84. urteurrenean
Pandemiak baldintzatuta egin dituzte ekitaldiak. Ohiko lore eskaintza eta sirena hotsez gain, aurten oroitzapen "gozoa" egin dute, Picassoren 'Guernica' koadroaren txokolatezko erreplika.
EITB MEDIA
Gernikak 1937ko apirilaren 26an herria bonbardatu zutela oroitu du gaur, 84. urteurrenean, eta biktimak izan ditu gogoan gertakarien memoria zaintzeko eta berriro errepika ez dadin, Jose Maria Gorroño alkateak azaldu duenez.
Udalak sustatutako egitaraua goizean goiz hasi da George Steerren eta Jose Labauriaren omenaldiekin. Lehenengoa bonbardaketa mundu zabalean hedatu zuen kazetaria izan zen; eta bigarrena, bonbardaketaren egunean alkate zena.
Ekitaldi horietan, Gernikako alkateak esan du bonbardaketaren biktimak eta bizirik irtetea lortu zutenak "betirako" egongo direla "belaunaldi guztien memorian, barkamen, adiskidetze eta berriro ez errepikatzeko sentimenduekin lotuta".
Alkateak gogorarazi duenez, gainera, koronabirusaren pandemia "gerraren parekoa ez den arren", "eguneroko borrokan sakrifizioak" egitea eskatzen du.
Horregatik, Gernika "esperantzaren, adiskidetzearen eta indarraren sinbolo" dela azpimarratuta, herritarrak "lanarekin eta elkartasunarekin aurrera" aterako direla esan du.
Gaurko eguna aprobetxatuta, Gernika Gogoratuz fundazioak Yemengo gerra amaitzea eskatu du, hango bonbardaketak hasi zirela sei urte bete direnean.
Iñigo Urkullu lehendakariak ere parte hartu du ekitaldietan, eta esan du bonbardaketak "presente" egoten jarraitzen duela "oinatz" bat bezala, "tolerantzia eta errespetua" sustatuz eta biktimak oroituz.
Lehendakariak gogorarazi du bonbardaketa "herritar zibilen aurkakoa" izan zela, herritarren ideologiarekiko "mendeku" gisa.
Lehendakariak esan du Gernikak agerian uzten duela bizikidetza egunero "ureztatu" behar dela "tolerantzian eta pertsona eta herri guztiekiko errespetuan oinarrituta".
Aurten, oroitzapena apur bat "gozotu" nahian, Pablo Picassoren Guernica margolanaren 500 kiloko txokolatezko erreplika egin du Euskal Gozogileen elkarteak. Txokolatezko artelana atzo aurkeztu zuten jendaurrean:
Gernika ez ezik, EAEko beste hainbat herri ere bonbardatu zituzten hegazkin faxistek: Otxandio, Markina-Xemein, Legutio, Bilbo, Durango, Lekeitio, Zalla, Eibar eta Erandio, tartean.