Politika -

Gobernu berria

Rajoyren hamahiru ministroek karguaren zina egin dute

Saenz de Santamariak kargua hartu bezain laster azaldu duenez, Gobernuaren helburu nagusia langabezia murriztea izango da, eta horretarako umiltasunez, elkarrizketaren bidez eta neurriz jokatuko du.

Ministro berriak. Argazkia: EITB
Ministro berriak.
Rajoyren Gobernuko 13 ministroek karguen zina egin dute

03:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoyren Gobernuko hamahiru ministroek karguaren zina egin dute Zarzuela Jauregian Estatuko hiru botereetako ordezkarien aurrean.

Lehenengoa Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroa izan da, eta horren ondoren Erreinuko notario nagusi lanak egiten hasi da. Banan banan, karguaren zina egin dute Bibliaren, Konstituzioaren eta gurutze baten parean.

Gallardonen atzetik, Soraya Saenz de Santamaria Gobernuaren bozeramaile, presidenteorde eta Presidentzia ministroa izan da zina egin duena eta gero etorri da Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri Gaietarako ministroa.

Jarraian, Pedro Morenes Defentsa ministroak, Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoaren ministroak, Jorge Fernandez Barne ministroak, Ana Pastor Sustapen ministroak, Jose Ignacio Wert Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak, Fatima Bañez Enplegu eta Gizarte Segurantza ministroak, Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroak, Miguel Arias Cañete Nekazaritza, Elikadura eta Ingurugiro ministroak, Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasun ministroak eta Ana Mato Osasun, Zerbitzu Sozialen eta Berdintasun ministroak parte hartu dute protokolozko ekitaldian.

Esku bat Konstituzioaren gainean jarrita, esaldi berbera errepikatu dute denek: "Zin egiten dut karguaren eginbeharrak beteko ditudala, Erregearekiko leialtasunez eta Konstituzioa Estatuaren oinarrizko arau gisara gorde eta gordearaziko dut, eta sekretupean mantenduko ditut Ministroen Kontseiluko erabakiak".

De Guindosek dimisioa eman du BMNn

Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasun ministroak dimisioa eman du BMN banketxean (Caja Murcia, Caja Granada, Caixa Penedes eta Sa Nostraren bat-egitearen ondorioz sortu zena). Era berean, erakundearen batzorde exekutiboa eta auditoriena ere utzi ditu.

BMNren administrazio kontseiluak onartu egin du ministroaren dimisioa eta berehala jakinaraziko dio erabakia Balore Merkatuaren Batzorde Nazionala.

Hazkunde, enplegu-sortze eta oparitasun mailak berreskuratzeko hitza eman du De Guindosek; izan ere, bere hitzetan, maila horiek "ez genituzke inoiz ere galdu behar".

Dena den, egun bizi dugun krisi egoeran "gauza txarrenei" aurre egin behar diegula onartu du. "Bolada zailak bizitzen ari gara, krisi askorekin (nazioartean, Espainian, euroan), baina lasai egoteko arrazoia ere badago, herri honek beti hartu baititu erabaki zuzenak horrelako momentu zailetan", azaldu du De Guindosek.

Era berean, ministroak esker ona eta aintzatespena agertu dio aurreko Gobernuari eta egoera guztietan “maila onean” izan direla gaineratu du.

Gallardonek alkate kargua utzi du

Alberto Ruiz-Gallardonek ere lehen zuen kargua utzi behar izan du eta 08:00etarako Madrilgo udaletxean aurkeztu du dimisioa zinegotzi eta alkate gisara, Justizia ministro karguaren zina egin aurretik.

Izan ere, Gallardonek Justizia ministro kargua hartu bezain laster notario lanak egin ditu gainerako ministroen zin egiteetan.

Saenz de Santamaria, elkarrizketarako prest

Soraya Saenz de Santamaria Presidentzia ministro eta presidenteordeak kargua hartu bezain laster azaldu duenez, Gobernu berriaren helburu nagusia langabezia murriztea izango da, eta horretarako esfortzua umiltasunez, elkarrizketaren bidez eta neurriz egingo du.

Moncloan, Mariano Rajoy presidentea buru zuen ekitaldi batean, Saenz de Santamariak Ramon Jauregui aurreko Presidentzia ministroaren eskutik jaso du kartera. Jaureguik lekukoa eman dionean ohartarazi dio gobernatzea egun ez dela "onaren eta txarraren artean bat aukeratzea, txarra eta txarragoa aukeratzea baizik".

Izendatu berri dituzten bost ministrorekin eta PPren hainbat alderdikiderekin batera agertu ostean, Saenz de Santamariak gogoratu du Presidentetzan bueltan dagoela (duela 11 urte bertan lanean egon zen) eta taldeari leialtasuna eta kritika egiteko gaitasuna izatea eskatu dio.

"Kritika huts egiten dugunean, hutsegiteak egon, egongo direlako eta asko, eta hobe konpontzea ahalik eta arinen", Rajoyren gertukoak esan duenez, jakitun herrialdeak "erantzukizun historikoa" duen une batean helduko dela Moncloara.

Presidenteorde berriak ziurtatu du indar politiko guztiekin hitz egingo duela "arrazoia izan dezakegulako, baina guztiek izan dezakete arrazoiak eta arrazoiak partekatuta etortzen dira beti konponbiderik onenak".

Montoro: 'Ez ditut murrizketak egingo, erreformak baizik'

Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoetako arduradun berriak esan du, Espainia krisitik ateratzeko helburuarekin, erreformak egingo dituela, eta ez "murrizketak".

"Berehala lanean hasi behar gara", esan du Montorok. Bere hitzetan, krisia "goiz" bukatuko da, "denen" esfortzuari esker. Txantxetan, bere ardura berria "astuna" izango dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea