Politika -
Inbestidura-eztabaida
EAJk euskal presoekiko politika 'malgua' eskatu dio Rajoyri
Josu Erkorekak bakea egonkortzeko pausoak eman ditzala exijitu dio presidente berriari eta "gehiengo osoak inposatzea" ez dela bidea ohartarazi dio.
Erredakzioa
Josu Erkoreka EAJren bozeramaileak euskal presoen egoera normalizatzeko kartzela-politika "irekiagoa, dinamikoagoa eta malguagoa" eskatu dio Mariano Rajoy PPren buru eta hurrengo gobernuburuari.
Erkorekak inbestidura-eztabaidan egin duen agerraldian azaldu duenez, beharrezkoa da Rajoyk ETAk jarduera armatua uztea erabaki ondoren sortu den egoera berria kudeatzea.
Gainera, bake prozesurako "gehiengo osoak inposatzea" ez dela bidea ohartarazi dio; hori horrela, "laguntasunak bilatzeko eta adostasunak lantzeko" eskatu dio. Bestalde, atzoko hitzaldian Euskadiz ahaztu izana leporatu dio buruzagi popularrari eta euskal gizartean "ilusioa" badago ere, "lanean jarraitu" beharra dagoela azpimarratu du diputatu jeltzaleak.
"Aukera historiko handi baten aurrean gaude eta ezin dugu galdu, hurrengo Gobernuko presidenteak ezin du ezikusiarena egin", egotzi dio Erkorekak Rajoyri.
Betiko bakea eraikitzeko, EAJrentzat ezinbestekoa da ETAren jarduera amaitu dela egiaztatzea. Horretarako, Euskal Herrian oraindik gertatzen diren mehatxu adierazpen "guzti guztiak" desagerraraztea azpimarratu du.
Gainera, erabateko lehentasuna eman dio biktimen babesari eta errekonozimenduari, eta horretarako "giza kalte izugarria" egin dutenek errua bere gain hartzeko deia egin du.
Izan ere, pauso hori ematen ez badute "ez da posible izango elkarbizitza berreraikitzeko oinarriak jartzea", Erkorekaren esanetan.
Era berean, bozeramaile jeltzaleak esan du beharrezkoak izango direla baita ere "arriskuak eta konpromisoak hartzea, eta eskuzabaltasunez eta Estatu ikuspegiz jokatzea".
Horren harira, ETAren erabakiaren ondoren eta euskal alderdiek presoen hurbiltzearen alde egin eta gero kartzela-politika aldatu behar duela adierazi dio Gobernu berriari.
"Aparteko neurriak gelditzeko eta kartzela politika irekiagoa, dinamikoagoa eta malguagoa ezartzeko garaia iritsi da. Legea hautsi gabe, baina presoen egoera normaltzen eta bakea egonkortzen lagunduko duten neurriak behar dira", gaineratu du Erkorekak.
Erkorekak gogora ekarri duenez, Jose Maria Aznarrek hartu zituen horrelako neurriak eta Antonio Basagoiti PPren EAEko buruak begi onez jo ditu.
Dena dela, gai horietaz "zuhurtzia handiz" hitz egin behar dela berretsi du, izan ere, "ez dugu zarata bilatzen, irtenbideak baizik".