Politika -
Aieteko ekitaldiari, erantzuna
Ares: 'Ezker abertzaleak ezin du izandako erantzukizuna ukatu'
Sailburuaren hitzetan, ezker abertzalearena antzespen hutsa izan da, "berritsukeriaz eta onartu ezineko justifikazioez betetakoa, guztiok espero duguna esatea ekiditeko".
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak erantzun egin dio ezker abertzaleak larunbatean biktimen inguruan egindako adierazpenari. Aresen ustez, adierazpena "ez da nahikoa" eta ezker abertzaleak "ezin du ukatu (gertatutako guztian) izandako erantzunkizuna".
Bakearen Aldeko Koordinakundeak antolatutako ekitaldian parte hartu ondoren, Aresek hedabideen aurrean hitz egin du larubatean Gernikako Akordioak aurkeztutako dokumentuaren harian. Dokumentu horretan, "ETAren indarkeriak eta Estatu espainiarraren eta frantsesaren errepresioaren eta gerra zikinaren" biktimen minak "atsekabetu" egiten dituela esaten dute sinatzaileek, ezker abertzalea tartean.
Sailburuaren esanetan, "beste behingoz" ezker abertzaleak antzespena egin du, "berritsukeriaz eta onartu ezineko justifikazioez betetakoa, guztiok espero duguna esatea ekiditeko: eragindako mina eta denbora luzean terrorismoari emandako babesaren erantzukizuna onartzea".
Indarkeria babestu zuten
"Ezin dute indarkeriaren ikusle huts bezala agertu, indarkeriari babesa eman eta sufrimendua sozialitzatzeko politika bultzatu eta Euskadin min eta kalte handia sortu ondoren", azpimarratu du.
Aresek nabarmendu egin du ere Euskadin "hildakoak eta hiltzaileak" izan direla "ideia totalitarioen alde ez egoteagatik" eta ezker abertzalea hiltzialeen alde egon dela gogora ekarri du.