Politika -
Apirilak 4
EAJk eraikuntza nazionalaren estrategia indartzea aldarrikatuko du Aberri Egunean
Horren harira, "erabakitzeko eskubidea apurka instituzionalizatzen" jarraitzeko deia egingo du.
eitb media
EAJk "eraikuntza nazionalaren estrategian sakontzea" aldarrikatu du euskal herritarrek gaitasun instituzional handiagoa izan dezaten, eta horrekin batera "XXI. mendeko beharretara egokitutako euskal nazioa egonkortzea" eta "erabakitzeko eskubidea apurka instituzionalizatzen" jarraitzea eskatu du.
Jeltzaleek horixe aipatu dute Euzkadi Buru Batzarrak 2021ko Aberri Egunerako osatu duen adierazpenean. Igandean, hilaren 4an, izango da, eta bigarren urtez jarraian, pandemiak baldintzatuta egongo da.
Hori horrela, BECen ekitaldia antolatu duen alderdiak esan du "zalantza, erronka eta oztopoz betetako garaia" bizitzea egokitzen dela orain.
Jeltzaleek azpimarratu dutenez, asko sufritu da eta sufritzen ari da pandemiaren ondorioz, nahiz eta orain birusaren eragina "ez izan hain hilgarria". Hala ere, osasun sistemaren esku dauden baliabide materialei eta giza-baliabideei esker "gaixoak geroz hobeto zaintzen" dituztela adierazi du.
Erabakitzeko eskubidea
EAJren arabera, pandemiak agerian utzi du euskal komunitateak "instituzio propioak edukitzeak duen garrantzia, osasun, ekonomia eta gizarte arloetan erantzun eraginkorra" bermatzeko. "Geroz eta gauza gehiago erabaki, orduan eta baldintza hobean egongo gara etorkizun hobea eraikitzeko eta euskal nazioa osatzen dugunon borondateari modu egokian erantzuteko", azpimarratu du.
EBBk dio segurtasunagatik oraindik murrizketak daudela eta horrek oztopatu egiten duela "kontzientzia nazionala adierazteko nahia", nahiz eta aitortu oraindik badagoela "Euskal Nazioarekiko konpromisoa errespetuz" eta segurtasun neurriak zainduta adierazteko modua.
Bestalde, Euskadi "ezegonkortasun politikoko prozesuak, krisi ekonomikoa eta birzentralizazio-prozesuak bizi dituzten estatuen politikan murgilduta" dagoela eta horrek "gure etorkizunari buruzko zalantza handiak sortzen" dituela aipatu du.
Eraikuntza nazionala
Horren harira, etorkizunari ekiteko "eraikuntza nazionalaren euskal estrategian sakontzea" beharrezkoa dela uste du EAJk, "euskararen erabilera sustatzeko, ekonomia digitalizatzeko, berdintasuna eta kohesio soziala indartzeko, arlo guztietan iraunkortasuna bultzatzeko eta gure herriaren gaitasun instituzionala handitzeko".
"XXI. mendeko beharrei erantzungo dien euskal nazioa egonkortzeko eraikuntza nazionaleko euskal estrategia barne mailan, eta erabakitzeko eskubidea progresiboki instituzionalizatzeko estrategia, kanpo mailan", zehaztu du.
"Gertuko etorkizunaren beharrei aurrea hartzen jarraitzeko autogobernua" behar dela gaineratu du EAJk, eta erresilientziaren garrantzia goraipatu ostean, aurtengo Aberri Egunaren helburua 'Euskadiren Berpizkundea' dela zehaztu du.