Politika -
ETAko presoak
Mendia: 'amnistian pentsatzeak presoengan frustrazioa eragingo du'
Jaurlaritzako bozeramaileak presoei ohartarazi die birgizarteratzeko neurriez gozatu ahal izateko "erakundearekiko haustura garbia erakutsi eta eragindako mina aitortu" behar dituztela.
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Espainiako legerian amnistiarik ez dela "existitzen ezta existituko ere" ohartarazi die, eta aukera horretan pentsatzen jarraitzeak "frustrazioa" ekarriko diela erantsi du.
Gobernu Kontseiluaren ondoren emandako prentsaurrekoan asteburuan ETAko 400 preso ohiek eta ezker abertzaleko kideek egindako eskaeren inguruan mintzatu da Mendia.
Mendiak gogoratu duenez, Espainiako espetxe zuzenbideak "banakako neurriak" bakarrik jasotzen ditu espetxe onurez gozatu ahal izateko, eta hortaz, horiek jaso ahal izateko aukerak ere banakakoa izan behar duela erantsi du. Hori dela eta, ETAko presoei ohartarazi die, legediak birgizarteratzearen inguruan jasotzen dituen bideez baliatu ahal izateko "erakundearekiko haustura garbia erakutsi eta eragindako mina aitortu" behar dituztela.
Espetxe politika "malguago" baten alde agertu da Mendia, eta presoen "birgizarteratzearen" helburuari erantzun behar diola gaineratu du.