Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Eguiguren: 'Bake prozesua azken su-etenetik hasi zen huts egiten'

PSE-EEko presidenteak azaldu duenez, aurreko bake prozesua ongi zihoan bitartekoa Urrutikoetxea izan zen bitartean. Hala ere, su-etena iragarri zutenetik, "ETAn aldaketa bat eman zen".

"ETAn aldaketa bat eman zen", baieztatu du Jesus Eguigurenek. Argazkia: EITB
"ETAn aldaketa bat eman zen", baieztatu du Jesus Eguigurenek. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jesus Eguiguren PSE-EEko presidenteak azaldu duenez, aurreko bake prozesua ongi zihoan Jose Antonio Urrutikoetxea bitartekoa izan zen bitartean. Hala ere, ondoren, "aldaketa bat eman zen ETAn" eta Gobernuaren eta ETAren arteko lehen negoziazio bilera azkenean ez zen gauzatu.

Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean Eguigurenek azaldu duenez, bake prozesua "ETAk su-etena iragarri zuenetik" huts egiten hasi zen. "Publikoa egin zenean ETAren zuzendaritzan aldaketa bat eman zela uste dut edo ETAren prozesuaren balorazioan aldaketaren bat", azaldu du, "izan ere, ETAren eta Gobernuaren arteko lehen negoziazio bilera ez zen gauzatu".

Euskal sozialisten presidenteak azpimarratu duenez, "Ginebran eta Oslon Josu Urrutikoetxearekin izandako bilerak direla eta, bakea posiblea zela pentsatu izan genuen". Hala ere, "Loiolan prozesuari hasiera eman genionean, baten batek erabakita zuen hura apurtzea", nabarmendu du.

Eguigurenek zehaztu duenez, Loiolan akordio batera iritsi ziren eta hura sinatzea adostu zuten baina "azkenean ez zen sinatu eta Loiolaren ostean, ETAk ez zuen hitz egin nahi. Hasieran dena ondo zihoan, batez ere, Josu Urrutikoetxearekin hitz egiten genuen bitartean. Baina hor zer edo zer aldatu zen eta ez dakit zer izan zen".

"Litekeena da ETAko kideren batek prozesuaren aldeko botoren bat aldatu eta horren aurka egin izana, hau da, baliteke kasualitate baten ondorioz prozesua aldatu izana", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea