Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Amaiurrek bide judiziala erabiliko du taldea osatzen uzten ez badiote
Izquierda Unidako koordinadoreak esan du bere alderdiak "eskuzabaltasunez" jokatuko duela eta Amaiurri taldea osatzen lagunduko diola.
Erredakzioa
Madrilgo Kongresuan talde parlamentarioa osatzen uzten ez badiote bide judiziala ireki egingo duela iragarri du gaur Amaiur koalizioak (Aralar, ezker abertzalea, Alternatiba eta EA).
Pello Urizar Eusko Alkartasuneko presidenteak adierazi duenez, erabakia Kongresuko Mahaiak hartu beharko du, "eta badirudi horretarako borondate politikorik ez dagoela".
"Oso zaila egingo zaie zazpi diputatu lortu dituen alderdi batek taldea izan behar ez duela azaltzea", gaineratu du Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan.
Bestalde, abenduan zehar egingo duen bilera sortan, Amaiur ez dela izango esan zuen Mariano Rajoy PPko buruak. Urizarren hitzetan, ETAren iragarpenaren aurretik, indarkeria "aitzakia" besterik ez zen ezker abertzalearekin erlaziorik ez izateko.
"Orain, batzuek mozorroak kendu dituzte, eta egoera argitzen hasi da: zenbait alderdi politikok indarkeria euren estrategia politikoak mantentzeko aitzakiatzat erabiltzen zuten".
EAJren eta Amaiurren arteko erlazioaz esan du Iñigo Urkulluren alderdiak koalizioa "euren etorkizun politikoari begira mehatxutzat" ikusten dute. Hala ere, "herri honetako gai garrantzitsuenei buruz hitz egiteko" eskua luzatu die jeltzaleei.
Bestalde, Donostiako Bake Konferentzia egin ahal izateko "sukalde lan asko" egin behar izan dutela onartu du Urizarrek. Aieteko Konferentzia horretako ondorioak Espainiako Gobernuarekin "adostu" egin zirela entzun duela, baina Jesus Eguigurenek argitaratutako informazioa ez daukala gaineratu du.
Gogoratu duenez, Eguigurenek "Gerry Adamsekin hitz egin zuela" azaldu zuen iragan astean. "Nik ez nuen Adamsekin hitz egin, beraz, ez daukat zuzeneko daturik", azaldu du.
IUk "eskuzabaltasunez" jokatuko du
Cayo Lara Izquierda Unidako koordinadoreak esan du bere alderdiak "eskuzabaltasunez" jokatuko duela eta Amaiurri taldea osatzen lagunduko diola. Aurkakoa, "berekoikeria" litzatekela gaineratu du RNEri eskainitako elkarrizketa batean, IU ere "egoera horretan" egon zelako.
Aurreko legealdian, talde osatu ahal izateko, Izquierda Unidak "beste talde politiko baten babesa" behar izan zuela gogoratu du.
"Eskuzabaltasun falta litzateke Amaiurri laguntza ez ematea", errepikatu du.