Politika -

Terrorismoaren biktimak

ETAren indarkeriaren kontakizuna "egian oinarritzea" eskatu du Anduezak

PSE-EEk Isaias Carrasco militante eta zinegotzi ohi sozialistari omenaldia egin dio Arrasaten. ETAk duela 13 urte hil zuen.

Isaias Carrasco militante eta zinegotzi ohi sozialistari omenaldia Arrasaten. Argazkia: EFE
Isaias Carrasco militante eta zinegotzi ohi sozialistari omenaldia Arrasaten. Argazkia: EFE
Isaias Carrasco militante eta zinegotzi ohi sozialistari omenaldia Arrasaten. Argazkia: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren indarkeriaren kontakizuna "egian oinarritzea" eskatu du Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak, "Euskadin elkarbizitza eraikitzeko".

PSE-EEk Isaias Carrasco militante eta zinegotzi ohi sozialistari omenaldia egin dio Arrasaten (Gipuzkoa). ETAk hil zuen duela 13 urte. Lore eskaintza egin dute herrian.

Idoia Mendia bigarren lehendakariordeak, Carrascoren alargunak eta hiru seme-alabek hartu dute parte ekitaldian.

"Ezin dugu utzi ETArekin jasan genuen indarkeria ahaztea", azpimarratu du Eneko Anduezak. Horregatik, gertatutakoaren kontakizuna idaztea beharrezkoa dela uste du, eta "beti hain funtsezkoa den egian oinarritzea", "Euskadin elkarbizitza eraiki" ahal izateko.

Anduezak ohartarazi duenez, "batzuek gertatutakoa makillatu nahiko dute, beste batzuek ahaztu, hemen ezer gertatu ez dela mundu guztiari sinestarazteko manta bat gainetik bota", baina "hemen gauza asko eta oso larriak gertatu ziren". "Jipoitu gintuzten, eta hil, estortsionatu eta jazarri; familiak suntsitu zituzten, eta hori sekula, sekula, sekula, ezin da barkatu", gogorarazi du.

"Hemen gauza asko eta oso larriak gertatu ziren"

Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusiaren ahotan, Isaias Carrasco "sozialista izateagatik" hil zuten, "ez abertzalea", eta, gainera, "pertsona ona" izateagatik. "Pertsona zaurgarria" zen, eta ondorioz, "helburu erraza", erantsi duenez. Lau arrazoi horiengatik ETAk hiltzea erabaki zuen, nabarmendu duenez.

Era berean, "biktima guztiek egia ezagutzeko eskubidea" dutela aldarrikatu du. Hilketa guztiak argitzea eskatu du politikariak, salbuespenik gabe, memoria eraikitzeko; izan ere, euskal gizarteak biktimekin eta haien senitartekoekin duen "zorra" da.

Azkenik, "gaur hobeto gaude ETA existitzen ez delako eta gure bizitzan ez dagoelako", ziurtatu du. "Talde terroristak porrot egin zuen", adierazi du. Iragan astean Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak eta Idoia Mendiak "porrot hura eszenaratu zuten, alderdikideen bizitzekin amaitu zuten armak suntsituz", azpimarratu du.

Lore eskaintza Arrasaten (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Lore eskaintza Arrasaten (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa ETA Arrasate PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak Eneko Andueza Debagoiena eskualdea