Politika -
Martxoak 4
Sanchez buru, ETAren eta Graporen armak suntsituko dituzte ekitaldi sinboliko batean
Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Gasteizko Zentroak bultzatuta antolatuko dute ekitaldia. Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Eguna prestatzen ere badabil aipatu zentroa.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea izango du buru ETAri eta Grapori konfiskatutako armak suntsitzeko martxoaren 4an egingo duten ekitaldi sinbolikoak. Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Gasteizko Zentroak bultzatuta antolatuko dute ekitaldia.
Ohar baten bidez eman du ekitaldi horren berri Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa bisitatu ostean.
Arabako hiriburura egin duen bisitan, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburu Josu Erkorekarekin bildu da, espetxeen eskumenaren eskualdatzeaz jarduteko. Antza denez, aurki utziko du Espainiak Euskadiren esku espetxeen transferentzia.
Halaber, Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroko zuzendari Florencio Dominguezekin ere izan da Marlaska Gasteizen.
Memorialaren inauguraziorako prestaketa lanei azken zertzeladak eman eta erakunde horrek terrorismoaren biktimen omenez datozen egunetan egingo dituen ekitaldiei buruz hitz egin dute.
Bertan, Barne Ministerioak azaldu du ETAri eta Grapori konfiskatutako mila armak suntsitzeko ekitaldia antolatu dutela martxoaren 4rako, Pedro Sanchez Espainiako presidentea buru.
Memoriarako Gasteizko Zentroa, bestalde, Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Eguna prestatzen ere badabil. Madrilen egingo dituzte ekitaldiak datorren martxoaren 11n.