Politika -

Dimisioa

EH Bildu Arabak Larrionen auziko filtrazioak eta EAJren jarrera kritikatu ditu

"Hartu beharreko neurriak azkar, erantzukizunez, koherentziaz eta proportzioz hartu" dituela berretsi du koalizioaren eskualdeko zuzendaritzak, ohar bidez.

Larrion, EFEren artxiboko argazki batean.
Miren Larrion
Larrion, EFEren artxiboko argazki batean.

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bildu Arabak Miren Larrionen auzian izan diren filtrazioak eta dimisioaren kontura EAJk izandako jarrera kritikatu ditu komunikatu batean. Koalizio subiranistaren eskualdeko zuzendaritzak oharra kaleratu du gaur Miren Larrion Gasteizko Udaleko bozeramaile zenaren dimisioak eragindako soka luzearen harira.

Idatzian dioenez, Segurtasun Sailak "azalpenak eman" eta "neurriak hartu" beharko lituzke, Larrionen inguruko ikerketa sekretupean dagoen arren, "filtrazioak etengabekoak" izan baitira.

EAJ ere estu hartu du EH Bildu Arabak, egoera honetatik "etekin politikoa atera nahian" dabilela kritikatuz. "Historia triste honen biktima baino ez den pertsonaren gainean zalantzaren itzala zabaltzeko estrategia abiatu izanak, eta, horretarako, Segurtasun Saila, Ertzaintza, bere gertuko komunikabideak, Irrati Telebista Publikoa eta Gasteizko alkatearen irudia erabiltzeak, alderdi horretako buruzagien katadura moralaren neurria eman baino ez du egiten, baita erakunde publikoen erabilera zikina eta alderdikoia ere. Denak ez du balio politikan, eta denborak, zalantzarik gabe, nor bere lekuan jarriko du", nabarmendu du.

Azkenik, berretsi du atzo Maddalen Iriarte EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak esandakoa, alegia, koalizioak ez duela kontu horri buruz gehiago esango. Izan ere, azpimarratu dutenez, "hartu beharreko neurriak azkar, erantzukizunez, koherentziaz eta proportzioz" hartu dituzte. Eta, hortik aurrera, "eremu pertsonaleko eta kargu publikotik eratorritako lanekin zuzeneko loturarik ez duten gertakari batzuen aurrean" daudela gogorarazi dute EH Bildu Arabatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala berriak Politika EAJ-PNV Bizkaia Ertzaintza Araba Gorka Urtaran, Arabako Foru diputatua Alderdi politikoak berriak EH Bildu Araba Gaurko titularrak Gasteiz Gaurko azken ordukoa