Politika -
EAJren proposamena
Urkulluk Euskadirako estatus politiko berria aurkeztuko dio Rajoyri
Jeltzaleen buruak esan duenez, EAJk ez du oraindik Rajoyren kargu hartzearen bozketan zer egingo duen erabaki, baina PPk gehiengo absolutua duela gogoratu du, eta ez duela inoren botoen beharrik.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak 2015erako estatus politiko berri baten bidez "euskal autogobernua egokitzeko" egin duten proposamena aurkeztuko dio Mariano Rajoy Espainiako hurrengo Gobernuko presidenteari, EAJk azken hauteskunde kanpainan aurkeztu duen proposamen horren inguruan zer iritzi duten jakiteko.
SER irrati katean egindako elkarrizketa batean, halaber, Iñigo Urkulluk EAJk Rajoyren kargu hartzean oraindik zer egingo duen ez duela erabaki azaldu du, baina PPk gehiengo absolutua duela gogoratu du, eta hortaz, ez duela beste inoren botoen beharrik esan du.
Ganberak osatu baino lehen bildu nahi du Urkulluk “popularrekin”, Gorteetako Mahaiak eta batzordeen presidentziak osatzerako orduan "PPren borondatea" zein den ikusteko.
Bide horretan, Amaiurrek eta UPyDk talde parlamentario propioa izateko aukera defendatu du jeltzaleen buruak eta bere esku balego hori hala izango litzatekeela adierazi du. Urkullurentzat "gehiegizkoa" da PPk "betebeharrak muturreraino eramanez" eta Ganberako Araudiaren interpretazio zorrotza eginez Amaiurri talde parlamentarioa ukatzea .
Ondoren, urtarrilean (oraindik ez dago datarik) Urkullu Mariano Rajoyrekin bilduko da. Estatus politikoaz gain, beste gai batzuk jorratzeko.
Besteak beste, "bakerako eta elkarbizitzarako bidean adostutako lana" azalduko dio, eta presoen inguruan, espetxe politika malguago bat eskatuko diola esan du.