Politika -
Kongresuan
Amaiurrek modu 'iraunkor eta koherentean' lan egingo du Madrilen
Gatazka politikoari heltzeko eskatu dio Gobernuari eta esparru "juridiko-politikoa" aldatzearen alde dauden indar politikoen ordezkaritza Madrilen "inoiz baino handiagoa" izango dela gogoratu du.
Erredakzioa
Maribi Ugarteburu Amaiurreko bozeramaileak esan du koalizioak modu "iraunkor eta koherentean" lan egingo duela Madrilen. "Erantzukizunez arituko gara", nabarmendu du.
Donostian egin duten agerraldian Ugarteburuk azaldu duenez, "konponbiderako" garaia da. Rajoyren Gobernu berriari "maila politikoa" erakusteko exijitu dio eta Amaiurren Madrileko lana ez dela Kongresura edo Senatura bakarrik mugatuko gaineratu du. "Euskal Herriaren eskubide sozialak eta nazionalak aldarrikatzeko bozgorailua ere izango da".
Gatazka politikoari heltzeko eskatu dio Gobernuari Amaiurrek eta esparru "juridiko-politikoa" aldatzearen alde dauden indar politikoen ordezkaritza Madrilen "inoiz baino handiagoa" izango dela gogoratu du.
Alderdikeriak "alde batera utzi" eta "guztion artean" euskal herritarren gehiengoaren borondatea "errespetatzea" eskatu dio Rajoyri.
Amaiurren ustez, hauteskundeetako emaitzak aintzat hartuz, PPk eta Rajoyk "euskal herritarren gehiengoaren borondatea" errespetatu beharko lukete.
Amaiurrek talde propioa izango duen galdetu diote kazetariek Ugartebururi. Horren hitzetan, erabaki hori ez du koalizioak hartuko, PPk baizik. "Orain arte, ez dute norabide horretan pausorik eman", gaineratu du.