Politika -

Kontrol saioa Legebiltzarrean

Lehendakariak ukatu egin du berriz EAEko aldundiak kendu nahi dituela

Patxi Lopezek azaldu duenez, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko hautagaiak ez zituen EAEko foru aldundiak ezabatu nahi, baizik eta "lurralde komuneko diputazioak".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak berretsi du bere Gobernuak ez dituela kendu nahi foru aldundiak, baina gogorarazi du gogoeta egin beharra dagoela EAEko erakunde-sareko "bikoiztasunak" desagerrarazteko.

Halaber, "Lurralde Historikoen Legea aldatzeko beharra badago, erakunde-sarea hobetzeko" izango dela gaineratu du. Izan ere, "ezer ez da sakratua".

Gasteizko gobernuburuak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin ditu adierazpenok, Leopoldo Barreda PPko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunda. Hain zuzen ere, Alfredo Perez Rubalcabak aldundiak kentzeko proposamenaz galdetu dio.

Horren ildotik, lehendakariak gogorarazi du hauteskunde orokorrek gehiengo osoa eman ziotela PPri, eta horrek "indargabetu" egiten duela Rubalcabaren proposamena.

Lopezek azaldu duenez, baina, Rubalcabaren asmoa ez zen "foru aldundiak" ezabatzea, "lurralde komuneko diputazioak", baizik.

"EAEko aldundiak ezberdinak dira, eta gainerakoek baino eskuduntza gehiago dituzte", berretsi du.

Bere aldetik, Barredak esan du EAEko foru aldundiek funtzioa badutela eta PSEk eta PPk akordioak lor ditzaketela gai horretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea