Politika -
Hauteskunde orokorrak
PPk bakea sustatu ezean, harremana apurtzeko dei egin du Eguigurenek
PSE-EEko presidenteak ezker abertzaleak parte hartuko lukeen negoziazio mahaia gidatzeko eskatu dio Patxi Lopez lehendakariari.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko hurrengo presidenteak "bakea sustatzen" ez badu, PSE-EEk Euskadiko PPrekin harremana "apurtu" egin beharko duela uste du Jesus Eguiguren EAEKo sozialisten presidenteak.
"Orain Gobernu zentralean dagoela, PP arduratsu izatea espero dut, baina ez dit beldurrik ematen PPrekin hausteko hipotesiak", gaineratu du.
Vocento taldeko egunkariek gaur argitaratutako elkarrizketa batean, Eguigurenek errepikatu du PSE-EEk "autokritika" egin behar duela, "bakearen trena galdu" egin baitu, bakea "neurri handi batean" lehendakariaren lanari esker lortu bada ere.
PSEko presidentearen aburuz, Gasteizko gobernuburua "karguak mugatuta" dago, baina "bake-prozesuaren lehen lerroan" egon beharko luke. Horrenbestez, ezker abertzaleak parte hartuko lukeen alderdien mahai bat gidatzeko dei egin dio.
"Bigarren abisua jaso dugu. Lehenengoa udal hauteskundeak izan zen, eta jarrera aldatzen ez badugu, hirugarrena behin-betikoa izango da, hauteskunde autonomikoak", ohartarazi du.
Eguigurenek nabarmendu du alderdi barruan "jende asko" dagoela ados ideia horiekin, "baina hala ez bada, niri bost, nire beharra egoeraz ohartaraztea da, ez baitira nire burutazioak, datuak baizik".
Hauteskundeak aurreratzearen aurka
EAJk eta Amaiurrek Eusko Jaurlaritzari hauteskundeak aurreratzea exijitu diotela eta, buruzagi sozialistak adierazi du hori kaltegarria izan litekeela "bakea eraikitzen" ari diren honetan.
Horrenbestez, hauteskundeak deitu baino lehen, "Sorturen legalizazioa, ezker abertzalearen buruzagien arazo judizialak eta beste hainbat kontu" konpondu behar direla iritzi dio.
Bestalde, baztertu egin du Patxi Lopez PSOEko buru bihurtzea, alderdi barruko arazoak konpontzeko irtenbidea izan litekeela aitortu badu ere: "Euskadin politika egitea muga handia da PSOEn eta Espainian egiteko. Euskal herritarrek ez lukete begi onez ikusiko Euskadiko arazoak ez diren beste gauzak buruan izatea".