Politika -
Presoak
EPPK-k Lopez Riaño kanporatu du ETArengandik aldentzeagatik
Idoia Lopez Riañoren eta Joseba Arizmendi bikotekidearen izenak presoen kolektiboaren zerrendatik kendu dituzte. Tigresa Langraiz Okako espetxean dago egun.
Erredakzioa
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) ezabatu egin ditu Idoia Lopez Riañoren eta bere bikotekide den Joseba Arizmendiren izenak presoen zerrendatik, hainbat hedabidek gaur jakitera eman dutenez.
Lopez Riaño 2001ean estraditatu zuen Frantziak eta Espainiako Estatuko espetxeetan egon da ordutik. 2010ean, ETArengandik aldentzen zela zioen agiri bat sinatu ostean, Langraiz Okako presondegira eraman zuten. Joseba Arizmendi ETAko kide eta Lopez Riañoren bikotekidea ere bertara eraman zuten.
Espainiako Gobernuak gerturatzearen berri eman zuen, baina lehen graduan (gogorrenean) preso jarraituko zutela argitu zuen.
Orain, Vocento taldeko egunkariek eta Cadena SERek diote EPPK-tik kanporatu dituztela eta ondorioz, beste preso batzuk jasotzen dituzten laguntzak galduko dituztela.
Lopez Riañori 23 hilketa leporatzen dizkiote, 1980ko hamarkadan hasi eta 1994an atxilotu zuten arte egindakoak. 1.572 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten ETAren 'Madril' taldean zegoenean 12 guardia zibil hiltzeagatik.
Joseba Arizmendi, berriz, Francisco Robles Fuentes eta Raul Suarez guardia zibilak hiltzeagatik zigortu zuten.