Politika -
Hauteskunde orokorrak
Santamariak eta Jaureguik zuzenduko dute botere aldaketa
Bihar bertan egingo dute aurreneko bilera botere aldaketaz hitz egiteko. Zapateroren Gobernuak jardunean egingo du lan gaurtik.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernu sozialistak jardunean egingo du lan gaurtik, Exekutibo berria osatu arte, igandeko hauteskunde orokorrek PPri gehiengo osoa eman eta gero.
PPren aldetik, Soraya Saenz de Santamariak zuzenduko du prozesua. Horrela, indarra hartu du Mariano Rajoyren balizko ministroen artean.
Are gehiago, adituen ustez, izendapen horrekin, Rajoyk Gobernuaren ateak ireki dizkio Santamariari, ministroa edota presidenteorde izan dadin.
Gobernuaren aldetik, Ramon Jauregui Presidentziako jarduneko ministroak gidatuko du prozesua.
PPk iragarri du hurrengo egunetan bilera-sorta hasiko duela Amaiur ez beste indar parlamentarioekin, eta Gobernua Gabon-gaua baino lehen martxan egotea nahi duela.Hori horrela, Ministroen Kontseiluko lehen bilera abenduaren 23an izan liteke.
'Popularrek' lehenbailehen egin nahi dute inbestidura, eta zeregin horretan, epe legalak ahal beste murriztu nahi dituzte.
Elkarrizketarik ez Amaiurrekin
Amaiurrekin ez hitz egiteko erabakiaz, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak azaldu du "Konstituzioak babesten dituen helburuak defendatzen dituzten alderdiekin" batzartu nahi direla, eta koalizio abertzalea ez dela "horren adibide".
PPren iturriek zehaztu dutenez, ERCk ere independentzia nahi badu ere, "baldintzak ez dira berdinak".