Politika -
Paris
Biziarteko kartzela zigor bat eta 30 urteko bi 'Charlie Hebdo'ren aurkako erasoagatik
Zigor gogorrenak jaso dituzte bilatzeko eta atxilotzeko agindupean dauden hiru auzipetuetako bik.
agentziak | eitb media
2015eko urtarrilean Parisen Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren, poliziaren eta supermerkatu judu baten aurkako erasoan 17 pertsona hil zituzten terroristen laguntzaileek lau urtetik bizi osora arteko kartzela-zigorrak jaso dituzte, tartean 30 urteko bi zigor.
Epaiketa irailaren 2ean hasi zen, eta auzipetutako 14 lagunetako 11 eseri ziren akusatuen aulkian, laguntza logistikoa, ekonomikoa edo materiala ematea leporatuta. Said eta Cherif Kouachi anaiak izan ziren aldizkariaren aurkako erasoaren egileak, eta Amedy Coulibaly beste biena, eta Poliziak hil zituen hiruak.
Zigor gogorrenak jaso dituztenetako bik ihes egin zuten, eta haiek bilatzeko eta atxilotzeko agindua dago. Mohammed Belhoucine da horietako bat, biziarteko kartzela-zigorra jaso duena hain zuzen ere; eta bestea Hayat Boumedienne da, 30 urteko zigorra jaso duena. Ali Riza Polatek ere 30 urteko zigorra jaso du hiru terroristen laguntzaile zuzena izateagatik.
Frantziako terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak 5 eta 20 urte arteko kartzela zigorrak eskatu zituen gainerako auzipetuentzat, eta Zigor Areto Bereziak ez du bat egin eskaera horrekin, auzipetuetako seiren talde kriminalaren helburua ez zelako terrorista.
Lehenengo erasoa, Charlie Hebdoren kontrakoa, Kouachi anaiek egin zuten urtarrilaren 7an, eta 12 pertsona hil zituzten. Hurrengo egunean, haiekin koordinatuta, Coulibalyk polizia bat hil zuen eta biharamunean dozena bat pertsona atxiki eta lau hil zituen supermerkatu judu batean.
Atentatuak argitzeko prozesuak ez du zalantza guztiak argitzea ekarri, eta auzipetuen defentsak hiru hileotan kritikatu du hasieratik ikusi dituztela bere bezeroak ustezko errudun gisa.
"Ebazpenak agerian uzten duena da terroristen gertuko pertsona horiek gabe ez legokeela atentaturik", adierazi du Ricchard Malka Charlie Hebdoren abokatuak epaiketaren amaieran.