Politika -

Bilerak lehendakariarekin

Enpresaburuak lasaiago daudela aitortu du Confebaskek

Bestalde, CCOOk esan du indarkeriaren amaiera enpleguarentzat positibo izatea espero duela, eta UGTK espetxe politikan aldaketak egiteko dei egin du.

Patxi Lopez lehendakaria, Confebaskeko ordezkaritzarekin. EITB
Patxi Lopez lehendakaria, Confebaskeko ordezkaritzarekin. EITB
Confebaskekin, UGTrekin eta CCOOrekin bildu da lehendakaria

01:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Angel Lujua Confebask patronaleko presidenteak aitortu du ETAk indarkeriaren amaiera iragarri eta gero euskal enpresaburuak lasaiago bizi direla.

Lujua Patxi Lopez lehendakariarekin batzartu da gaur, gobernuburuak indar politikoekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin abiatutako bilera-sortaren baitan.

"Garai berria lagungarri izango da euskal enpresaburuentzat, krisian pentsatzen aritu ahalko dira orain, iraganera begiratu gabe", gaineratu du.

Confebaskeko presidenteak azaldu duenez, lehendakariarekin bat etorri da ETAren iragarpenak ilusioa piztu duela aztertzerakoan. Halaber, adierazpen publikoetan terrorismoaren biktimak "aintzatestea" proposatu du.

Bere esanetan, gainera, gizartea "ulerkorra" izango da ETAk armak entregatzen dituenean eta behin betiko desegiten denean.

Azkenik, Lujuak nabarmendu du enpresaburuek eta sindikatuek "adostasuna" oinarri lan egin behar dutela orain, "Euskadi krisitik ateratzeko".

UGT eta CCOO

Ondoren, lehendakaria UGT eta CCOO sindikatuekin batzartu da.

Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusiak itxaropena agertu du, eta indarkeriaren amaiera enpleguarentzat onuragarria izatea espero duela esan du.

Casadok gogorarazi du ETAk UGTko militanteak ere hil dituela, eta positibotzat jo du erakunde terroristak indarkeria utzi eta "demokrazian barrena egitea".

Bere aldetik, Unai Sordo CCOO-Euskadiko idazkari nagusiak "existitzen diren akordio politikoak zabaltzeko" dei egin dio lehendakariari, eta kartzela politikan aldaketak egitea eta "erakunde guztiek" politikan parte hartu ahal izatea proposatu du.

Sordoren hitzetan, orain garrantzi handikoa da "hainbat urtetako indarkeriak utzitako zauriak sendatzea".

Lehendakaria bihar bilduko da ELA sindikatuarekin, eta azaroaren 3an LABekin.

Bilera gehiago arratsaldean

Arratsalde honetan, Patxi Lopez lehendakari ohiekin eta UPyDko eta EBko ordezkariekin ere batzartuko da.

Atzo, Basagoitirekin eta PSEko eta Aralarreko ordezkariekin bildu zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea