Politika -

Koronabirusa

Sagardui: "Gure ospitaleek birusa zabaltzea eragozteko baliabideak dituzte"

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Laura Garrido PPko legebiltzarkideari erantzun dio Ganberan. Ospitaleetan izaten ari diren "agerraldietan" arreta jarri du Alderdi Popularreko ordezkariak.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Artxiboko argazkia: EFE
Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Artxiboko argazkia: EFE
Ospitaletan dauden positiboak ez direla agerraldien sinonimo esan du Sagarduik

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ospitaleek birusa zabaltzea eragoztezko beharrezko baliabideak dituztela ziurtatu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Era berean, osasun profesionalek norbera babesteko ekipo "guztiak" dituztela erantsi du sailburuak.

Sagarduik Laura Garrido PPko legebiltzarkideari erantzun dio Ganberan. Garridoren ahotan, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako estrategia emaitzarik ematen ari ez dela erakusten du pandemiaren bilakaerak. Ospitaleetan izaten ari diren "agerraldietan" arreta jarri du Alderdi Popularreko ordezkariak.

Orokorrean ospitaleetan "agerraldiez" ez hitz egiteko eskatu dio Sagarduik, agerraldiak eta kutsatzeak "ez direlako gauza bera".

"Birusa zabaltzea eragozteko beharrezko neurriak dituzte gure ospitaleek, baina beste esparru batzuetan bezala positiboak ematen dira", azpimarratu du sailburuak.

Osasun profesionalek “norberaren babeserako ekipo guztiak” dituztela esan du sailburuak, laneko arrisku eta osasun zerbitzuek ezarritakoaren arabera. Ekipoak langile guztiek dituzte eskuragarri, buruzagiak gaineratu duenez.

Emaitzak ematen ari den estrategia bat dagoela ziurtatu du agintariak, baina neurri murriztaileek pandemiaren bilakaeran eragina izateko denbora behar da. “Baikorregia ez dut izan nahi”, baina Euskadi “kurbaren tontorrera iritsi edo beherakadaren atariko lautadan dagoela ematen du”, erantsi duenez.

Jarduera soziala, ekonomikoa eta laborala neurri murriztaileekin “uztartzea garrantzitsuena” da, zehaztu duenez.

Sagarduiren hitzetan, mugikortasunari eta laneko jarduerari muga gehiago jartzeko asmorik ez dute “oraingoz”, baina, hala ere, konfinamendua areagotzeko beharrezkoak diren tresna legalak eskatu ditu Lurralde arteko Osasun Kontseiluan.

Garrido (PP): "Birusa berriro ospitaleetan sartu da"

“Ez dugu nahi, ez dugu espero, baina beharrezkoa balitz azkar ekiteko tresna izatea gustatuko litzaiguke”, gaineratu du.

Balizko txerto bati dagokionez, nahiz eta berehala esku artean izango dutela iruditu, orokortzeko denbora gehiago beharko da, eta horregatik, babes neurriak betetzea berebizikoa da, “ZIUra heltzen den pertsona bakoitza porrot kolektiboa delako”.

Osasun Sailaren proba masibo eta bilaketa sare estrategia ezbaian jarri du Garridok, kutsatu kopuruaren datuak “kezkagarriak” direlako, eta “birusa berriro ospitaleetan sartu delako”.

“Babesa egokia izango balitz, ospitaleetan ez luke positiborik egon beharko”, adierazi du Garridok. 135 osasun profesional kutsatu direla esan du PPko legebiltzarkideak. Alderdi Popularreko kidearen arabera, Sailak ez du datu hori gezurtatu.

Garridoren esanetan, ez da irizpide argirik egon, aldez aurretik diru-laguntzak zehaztu barik ostalaritza ixtea erabaki dute, eta aurreikuspen falta izan da.

Zupiria: "Osasun egoerak behartzen bagaitu kulturaren jarduera mugatuko dugu"

Bestalde, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak onartu duenez, osasun egoerak behartzen baldin badu kulturaren jarduera mugatuko dute, baina liburutegiak eta liburu-dendak zabalik mantentzen saiatuko direla erantsi du.

Zupiriak Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideari erantzun dio ostiral honetako kontrol saioan. Koronabirusaren pandemia markoan, kultura oinarrizko beharrizan bezala aitortu beharko litzatekeela esan dio Estarronak sailburuari.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa