Politika -

Euskadiren Eguna

Lehendakariak ekitaldi instituzionala deitu du Euskadiren Egunean

Bestalde, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ez du Eusko Jaurlaritzak deitutako ekitaldi instituzionalean parte hartuko eta Gipuzkoako Foru Gobernuak "normaltasunez" egingo du lan.

Patxi Lopez lehendakaria artxiboko irudi batean.
Patxi Lopez lehendakaria artxiboko irudi batean.
Jaurlaritzak Euskadiren Eguna eta Gernikako Estatutuaren 32.urteurrena ospatu du

01:55

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak ekitaldi instituzional bat antolatu du astearte honetarako Lehendakaritzan, Euskadiren Eguna ospatzeko, eta euskal gizartearen ordezkaritza zabala izango da bertan.

Ekitaldi hori baliatuko du lehendakariak, besteak beste, Gernikako Arbolaren Gurutzea, Lan Onari sariak eta Lagun Onari golardoak banatzeko.

Gernikako Arbolaren Gurutzea Carlos Garaikoetxea lehendakariak jasoko du. Lan Onari goraipamena, berriz, ondoko hauek jasoko dituzte: Pedro Anitua mediku eta ikertzaileak; Juan Angel Balbas Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteko zuzendari nagusiak; Ana Blanco kazetariak; Martin Fiz kirolariak; Juan Pablo Fusi historialariak; eta Milagros Garcia Crespo ekonomialariak. Halaber, Jose Ignacio Sanchez Galani Lagun Onari goraipamena emango dio.

Garitano ez da lehendakariaren ekitaldian izango

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ez du Eusko Jaurlaritzak deitutako ekitaldi instituzionalean parte hartuko, Gipuzkoako Diputazioko iturriek jakitera eman dutenez.

Garitanok ez omen du ulertzen Euskadiren Eguna "ospakizunetarako eguna" dela eta, ondorioz, Gipuzkoako Foru Gobernuak "normaltasunez" lan egingo du asteartean.

Horrenbestez, ohiko diputatuen kontseilua egingo dute eta ondoren prentsaurrekoa eskainiko dute.

Bilduk adierazi duenez, "Estatutua gaindituta dago" eta "euskal gizartearen nahia errespetatzen den esparru juridiko" baten alde egin du, "Euskal Herriak nazio bezela duen autodeterminazio eskubidea errespetatzen den bat", gaineratu du.

Ezker abertzaleak "herri-eskolak" antolatu ditu Gernikan

Bestalde, ezker abertzaleak esan du Euskadiren Eguna nazio eraikuntza aldarrikatzeko aprobetxatuko duela. "Zilegitasun demokratikorik eta politikorik ez duen Jaurlaritzak marko autonomiko zatitzailea eta ukatzailearen apologia egin nahi duen egunean, gu Gernikan elkartuko gara etorkizuneko Euskal Herriaren oinarriak sortzeko", adierazi dute ohar batean.

Gauzak horrela, ezker abertzaleak Euskadiren Eguna kritikatu eta "herri-eskolak" antolatu ditu Gernikan, "Euskal Herria bat eta bakarra" lelopean.

EAk ez du Estatutua ospatzen, baina Garaikoetxeari lagunduko dio

Eusko Alkartasunak Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiari laguntzea erabaki du Gernikako Arbolaren Gurutzea jasoko duen ekitaldira, Euskadiren Eguneko ospakizunean, baina ez du ospakizunarekin bat egingo.

Horrela, EAren ordezkaritza batek Garaikoetxeari lagunduko dio, baina Ikerne Badiolak azaldu duenez, Estatutua ez dute ospatuko, euren ustez, "euskal gizarteak ez duelako Estatutua ospatzeko arrazoirik, ezta PSEk eta PPk ere, eurek izan baitira horren garapena geldiarazi dutenak"

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea