Politika -

Ekitaldi politikoa Donostian

Patxi Lopez, hunkituta: 'Orain ahots bakarra gara'

"Bonbak kendu ondoren botoak kendu behar dizkiegu demokraziaren indarrarekin" esan du ekitaldi berean Alfredo Perez Rubalcaba hautagaiak.

Lehendakaria hunkitu egin da ETAren biktimak gogoratzean. Argazkia: Efe.
PSEren lehen ekitaldi politikoa Donostian, ETAk armak utzi duenetik

01:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sozialistak "inoiz baino elkartuago" daudela adierazi du Patxi Lopez lehendakariak. "Ahots bakarra gara, etorkizuna eraikitzeko borondate bakarra, denok elkarrekin gaude, denok, garai latzetan elkarrekin egon gara eta orain askatasunean ere elkarrekin gaude", ziurtatu du.

Donostian egindako ekitaldi politikoan, lehendakariak esan du "batzuetan, hainbeste borrokatu ondoren, (...) hainbeste bidegabekeria, irain, ulertu ezin jasan ondoren, hona arte ailegatzeko dena eman dugunean, pentsatu eta nahi ez ditugun gauzak esan ditzakegu. Baina inork ez dezala zalantzan jarri gaur egun Jesus Eguiguren, Rodolfo Ares... gaur guztiok anaiak gara eta inork ez gaitu hautsiko".

Lehendakariak hunkituta eta malkoei ezin eutsirik gogora ekarri ditu ETAk hildako eta mehatxatutako guztiak, alderdikideak batez ere.

"Gobernura iritsi eta bi urte eta erdira, ETA garaitu dugula esan dezaket, poztasunez. Bi gobernu sozialistak bata bestearen ondoan aritu gara askatasunaren festa hau gauzatzeko. Hori dela eta, Rodriguez Zapaterori eskerrak eman nahi dizkiot", azpimarratu du.

Rubalcaba: "Orain botoak kendu behar dizkiegu"

Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko Presidentetzarako hautagaiak, aldiz, independentismoa politika arloan borrokatzeko deia egin die euskal sozialistei eta "bonbak kendu ondoren" erronka nagusia "demokraziaren indarraz baliatu eta botoak kentzea" dela gaineratu du.

Hautagaiak ETAk bizirik iraun duen 40 urteetan egindako lana eskertu die euskal sozialistei eta terrorismoaren "porrota" "euskal herriaren" lorpena izan dela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea