Politika -
Bake Konferentzia
Jaureguik dio adierazpena 'beste paper bat' besterik ez dela
Presidentzia ministroak aitortu du garrantzitsua dela testuak ETAri armak uzteko exijitzea, baina gainerakoarekin "desengainua" hartu omen du.
Erredakzioa
Ramon Jauregui Presidentzia ministroak esan du Gobernuak ez duela arduratuta jaso Donostiako Bake Konferentziaren adierazpena, dokumentua "beste paper bat" besterik ez delako.
Ser irrati-katean egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, bere garrantzia du adierazpenean ETAri armak uzteko exijitzea, baina hori omen da garrantzia izan duen bakarra, dokumentuak esaten duen gainerakoarekin "desengainua" hartu baitu.
ETAk bere jarraitzaileen aurrean indarkeria utziko duela justifikatzeko liturgiaren barruan kokatu du atzoko Konferentzia eta adierazi duenez ETAren "nahia izan da betidanik nazioartearen eskuhartzea".
"Garrantzitsuena Gobernuak Espainiako gizartearen eta demokraziaren garaipena aldarrikatzea da. Ziurrenik hatz puntekin ukitzen ari gara bakea", adierazi du Jaureguik horretarako "prezio politikorik ez" dela oraindu zehaztu aurretik.
Ministroaren esanetan, ETAk indarkeria uzten duenean, euskal gizarteak bide luzea egin beharko du berriro eraikitzeko eta "terrorismoaren biktimak izango dira egiazko memoria".