Politika -
2003an hasi zen
'PPren Gobernua izan zen Egunkariaren auziaren protagonista nagusia'
Torrealdaik gogora ekarri duenez, auzipetuei babesa adierazteko elkarretaratzean, Rajoy zen presidenteordea garai hartan eta Barne eta Justizia Ministerioek ohar bat bidali zuten elkarrekin.
Erredakzioa
Hainbat euskal eragileren ordezkarik babesa azaldu diete Egunkariaren auzi ekonomikoan auzipetuak dauden lagunei, Martin Ugalde Kultur Parkean -Egunkariaren egoitza zegoen lekuan-, Andoainen egindako elkarretaratze batean.
"Zein izan zen operazio hartako protagonista nagusia? Jose María Aznar eta bere Gobernua", esan du Joan Mari Torrealdaik. Era berean gogoratu duenez, "Barne Ministerioa eta Justiziakoa, ohar konpartitu bat argitaratzeraino iritsi ziren" eta. Halaber, "Barne Ministerioak gure aurkako helegitea aurkeztu zuela gutariko batzuek torturak salatu zituztelako", gogoratu du. Gobernu hartako Mariano Raxoik presidenteordea zen garai hartan eta "aukera handiak omen dauzka orain Espainiako gobernuko presidente izateko", esan du Torrealadaik.
Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako diputatua, Enekoitz Etxeberria Azpeitiko alkatea, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, eta Ainhoa Beola eta Axer Lertxundi Aralarreko kideak, besteak beste, izan dira Andoaingo protestan.
Operazioa 2003ko urrian hasi zen, eta, nahiz eta Egunkariaren kontrako auzia iaz artxibatu zuten, ekonomikoak zabalik mantendu dute.
Epaiketa Donostian izango da, Jose Maria Vazquez Honrubia Auzitegi Nazionaleko epaileak Donostiako Epaitegira bidali baitzuen auzia, Madrilen ez zutela epaituko erabaki zuenean.
Dignidad y Justicia elkartea herri-akusazio bezala aurkeztu da oraingoan; aldiz, AVT ez da oraingo honetan aurkeztuko.