Politika -
HAUTESKUNDE PROZESUA
Abian da EAJren zuzendaritza berritzeko prozesua
Aurreikuspenen arabera, Andoni Ortuzar egungo presidenteak hirugarren agintaldia egingo du. Abenduaren 12an eta 13an egingo dute alderdiaren Batzar Nagusia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJk gaur ekin dio zuzendaritza berritzeko prozesuari, eta Andoni Ortuzar egungo presidenteak beste lau urtez agintean jarraitzea espero da. Ortuzarren hirugarren agintaldia litzateke EAJren EBBko presidente gisa. Prozesua abenduaren 12an eta 13an amaituko da, Batzar Nagusiarekin.
Euzkadi Buru Batzarraren (EBB) eta haren bost Lurralde Kontseiluen berritzea gaur bertan hasiko da, eta bi hilabetez luzatuko da, abenduaren 12an eta 13an egingo den Batzar Nagusira arte. Bertan, EBBko presidentea eta zuzendaritzako zortzi kide aukeratuko dira.
Lehen itzulia urriaren 12tik 25era bitartean izango da, eta bertan tokiko erakunde bakoitzak EBBko presidentegai bat eta burukide izateko hautagaiak proposatuko ditu.
Bigarren itzulian, azaroaren 2tik 18ra, tokiko erakundeek EBBren presidente izateko hautagai bat eta zortzi burukide aukeratu beharko dituzte, lehen itzulian gutxienez hiru toki erakundek proposatu dituzten guztien artean.
Azaroaren 27an eta 28an Lurralde Batzarrak egingo dira, eta horietako bakoitzetik EBBko presidentegai bat eta burukide izateko zortzi hautagai aterako dira. Azkenik, Batzar Nazionalak aukeratuko ditu EBBko presidentea eta zortzi burukide, Batzar Nagusiek proposatutako hautagaien artetik.
Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko Lurralde Kontseiluak berritzeko prozesua EBBrenarekin batera egingo dira. Hala ere, Araba Buru Batzarreko (ABB), Bizkai Buru Batzarreko (BBB), Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB), Ipar Buru Batzarreko (IBB) eta Napar Buru Batzarreko (NBB) presidenteak eta burukideak izendatuko dituzten batzarrak Batzar Nagusia egingo den beste egun batean egin beharko dira.