Politika -

Batzar Nazionala

Otegik politika publikoen "norabidea aldatzeko akordioen" alde egin du

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak "konfiantzaren mezua" helarazi du, eta esan du koalizioak "inprobisazioaren aurrean aurreikuspena" eskaintzen duela.

EH Bilduren batzar nagusia. Argazkia: EH Bildu
EH Bilduren batzar nagusia.
EH Bilduren batzar nagusia. Argazkia: EH Bildu

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak EH Bilduren ohiko Batzar Nazionalean esan duenez, koalizioak "akordioen" alde egiten du, baina politika publikoen "norabidea aldatzeko".

"Konfiantzaren mezua" helarazi du Otegik koalizioak modu birtualean egin duen batzarrean. "Askotan bizi izan ditugu egoera zailak, baina Euskal Herriak erakutsi du baduela energia nahikoa momentu zailetatik ateratzeko", esan du.

Azaldu duenez, COVID-19a ez da "krisi guztien jatorria", baizik eta lehendik zetorren krisia larriagotu duen "egoera totala". Horren aurrean "akordioak egin behar ditugu, denok elkarrekin", baina ez edozein hitzarmen.

EH Bilduk jartzen duen lehen baldintza "norabidea aldatzea" da. "Politika publikoak aldatu behar dira. Ezin dugu emaitza desberdin bat espero lehengo politika publikoekin", esan du; beraz, politika publikoak eta fiskalak "aldatu egin behar dira".

"Neoliberalismoaren sistemaren alternatiba" gisa, "segurtasun sistema bat bermatuko duten eta jendea zainduko duten politika publikoak" eskatu ditu Otegik, hau da, "jendeak hezkuntza, osasuna, zaintzak eta merezi dituzten eskubide sozial guztiak bermatuta izatea". "Elkarrekin arraun egin bai, baina beste norabide batean", gehitu du.

EH Bilduk "Madrilen, Nafarroan, EAEn edo udaletan" akordio bat lortu duen guztietan "eskubideen zerrenda luzatu" dela zehaztu du koordinatzaile nagusiak.

"Jendea beldurtuta dago, ez dakielako zer gertatuko den enpleguarekin, langabeziarekin, osasunarekin, hezkuntzarekin, zaintzarekin, soldata arrakalarekin… Arrazoi asko ditu kezkatuta egoteko", esan du. Horregatik, "EH Bilduren lehen lehentasuna jendearen interesak eta eskubideak defendatzea izango da".

Zentzu horretan, burujabetza ere eskatu du Otegik. "Esango digute ez dela horri buruz hitz egiteko unea, jendearen arazoei aurre egiteko momentua delako", esan du, baina horrek "burujabetza" eskatzen du, "herrialdea eraldatuko duen proiektu bat" abiatzeko.

Elkarbizitza "gauza serioa" eta "kolaborazio esparru bat" da EH Bildurentzat, "eta ez lehia esparru bat". "Elkarbizitza lehiaren esparrua bilakatzeko interesa duenik bada", baina koalizioaren "eskuak luzatuta daude". Horregatik, "euskal preso politiko eta iheslarien askatasuna eta itzulera elkarbizitzari egiten zaion ekarpen gisa ulertu behar da", gehitu du Otegik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi berriak Berriak Politika EH Bildu Nafarroa Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak