Politika -

Legebiltzarra

Karguaren zina egiterakoan aipu erlijiosoak saihestea eskatu du Elkarrekin Podemosek

Lehendakari kargua hartzerakoan Iñigo Urkulluk Jaungoikoari aipu eginda "neutraltasuna" hautsi zuela esan du koalizio moreak. Edonola ere, ekimenak ez du gainerako taldeen babesa jaso.  

Iñigo Urkulluk Gerniako Arbolaren aurrean hartu zuen lehendakari kargua. Artxioko argazkia: EFE
Iñigo Urkulluk Gerniako Arbolaren aurrean hartu zuen lehendakari kargua.
Iñigo Urkulluk Gerniako Arbolaren aurrean hartu zuen lehendakari kargua. Artxioko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehendakari karguaren zina egiterakoan aipamen erlijiosoak baztertu egin behar direla eta ekitaldi horrek laikoa izan behar duela uste du Elkarrekin Podemos-IU koalizioak.  

Hala, ekimen bat aurkeztu du Legebiltzarrean karguen zina egiterakoan aipu erlijiosoak ez egiteko eta ekitaldi publiko ofizialak zibilak eta ordezkari eklesiastikorik gabekoak izan daitezen eskatuz. Gainerako taldeek, baina, testua atzera bota dute.

EH Bilduk hainbat zuzenketa egin dizkio Elkarrekin Podemosen-IUren proposamenari, eta beste adierazpen bat aurkeztu du, kontzientzia, pentsamendu eta adierazpen askatasunari buruzko araudi bat eta gurtzarako zentroei eta aniztasun erlijiosoari buruzko lege bat sortzeko eskatuz. Koalizio soberanistaren ekimenak ere ez du aurrera egin.

Eztabaidan, Miren Gorrotxategik azpimarratu du botere publikoak "laikoak eta neutralak" izan behar direla, herritarren erlijio-askatasuna bermatzeko. "Eta Iñigo Urkulluk lehendakari kargua Jaungoikoari aipu eginez hartzen duenean, neutraltasun hori urratzen du", salatu du.

EH Bilduko Eba Blancok esan du eztabaida horrek ez duela lehentasunik eta garrantzitsuena Urkulluk bere lana nola egiten duen zaintzea dela, bere erabaki politikoak aintzat hartuta.  

Jon Andoni Atutxak (EAJ) adierazi du Eusko Jaurlaritzak sarritan erakutsi duela erlijio guztiak errespetatzen dituela eta erantsi du Urkulluk karguaren zina egiteko modua aukeratzeko eskubidea duela.

Txarli Prietok (PSE-EE) esan du karguaren zina egiteko moduak ez duela agintari baten gobernatzeko ahalmenean eraginik, eta Urkulluren hitzak "zentsuratu" nahi izatea aurpegiratu dio Elkarrekin Podemos-IUri.

Carmelo Barriok (PP) ere azpimarratu du lehendakariari soilik dagokiola karguaren zina nola egin erabakitzea, eta gogora ekarri du ekitaldi ofizialetan ordezkari erlijiosoak egotea galarazita egongo balitz, Dalai Lamak Legebiltzarrean egin zuen bisita burutzea ezinezkoa izango zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Miren Gorrotxategi