Politika -
Sare
"Salbuespenezko espetxe politika" aldatzeko eskatuko dute urriaren 24an Donostian
'Resolution! Etxean!' lelopean, "salbuespenezko espetxe politika" mantentzearen ondorioak salatzeko manifestazioa eta mosaikoa egingo du Sarek.
eitb.eus
Euskal Herriko 650 mendi tontor igo behar zituzten egunean –eguraldiagatik bertan behera utzi dute–, urriaren 24ean Donostian "salbuespenezko espetxe politika" aldatzeko eta presoen auziari konponbide bat emateko aldarrikatzeko manifestazioa deitu du Sare presoen eskubideen aldeko sare herritarrak.
Izan Bidea ekimenaren barruan, Arabako 125 tontorrera, Bizkaiko 130era, Gipuzkoako 120ra, Nafarroako 220ra eta Iparraldeko 60ra igo behar ziren milaka herritarrek, presoen eta iheslarien "etxeratze prozesua" abian jar dezaten eskatzeko, "marea urdin luze eta zabal" baten bitartez.
Eguraldiaren ondorioz, parte-hartzaileen segurtasuna lehenetsita, bertan behera utzi dute ekitaldia, baina agerraldia antolatu dute Donostiako Ibaeta frontoian. Hala ere, Sare azken asteetan "herriz herri egindako lanak oinarri sendoak utzi dituelako" pozik agertu da.
"Bidean" jarraitu nahi du sare herritarrak, "tontorrera", hau da, "etxeratzera, elkarbizitzara eta bakera" heltzeko. Euskal jendartea "preso eta iheslariek bizi duten egoerari aterabidea eman behar zaiola adierazteko mobilizatzeko prest" agertu dela uste du sare herritarrak.
Joseba Azkarraga bozeramaileak esan duenez, hilaren 24ko manifestazioan "mundu osoari" zuzentzeko asmoa dute, "mundu osoak jakin dezan oraindik hemen ehunka preso etxetik ehunka kilometrotara daudela; oraindik ere presoen gehiengoa lehen graduan edo zigor graduan dagoela; oraindik ere emakume presoak bakartuak jarraitzen dutela, eta ehun motxiladun haur inguru daudela eta preso gaixoak heriotzera arte espetxean mantentzen dituztela".
Horiek "salbuespenezko espetxe politika indarrean" egotearen ondorioak dira Sarerentzat, baina herritarren gehiengoa aldaketaren alde dagoela gogorarazi du, eta "egoera hau ezin dela betikotu" azaldu du.
"Elkarbizitzaren baitan aurrera egin ahal izateko, salbuespenezko espetxe politika bertan behera utzi eta presoen etxeratze-prozesua abian jartzea ezinbestekoa dela" aldarrikatuko du Sarek manifestazioan.