Politika -
Indarkeriaren amaieratik gertu
Rubalcabaren aburuz, 'oso gutxi' falta da ETAren amaierarako
Hala ere, Gobernuko presidentziarako hautagai sozialistak azaldu duenez, onena "iragarpenak ez egitea eta segurtasun indarrak, epaileak eta Gobernua babestea" izango litzateke.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko presidentziarako hautagai sozialistak astelehen honetan adierazi duenez, "oso gutxi falta da ETAren amaierarako, baina Gobernuaren eta alderdi politikoen papera ez da iragarpenak egitea, segurtasun indarrak, epaileak, fiskalak, Gobernua eta alderdien batasuna defendatzea baizik".
Rubalcaba Antena 3 telebista katean izan da eta hemendik gutxira ETAk agiri berri bat kaleratuko ote duen galdetu diote. "Baliteke agiri hura egotea ala ez egotea, baina hori iragartzea ez da gure ardura izango. Ezin gara ETAk egingo duena iragartzen egon", azpimarratu du.
"Ez dugu azken unean izorratuko", azaldu du, "ETAren auzia ongi bideratuta dago". Rubalcabaren esanetan, "ETA hilzorian dago". "Azken urratsak egiten ari gara eta, askotan, azken pausoak funtsezkoak izaten dira. Ezin dugu huts egin; hori dela eta, lasai egon behar gara eta orain arte izan dugun batasun eta sendotasunari eutsi", nabarmendu du.
"Azken pauso hauek ondo ematen badira, hemendik gutxira 50 urteko izugarrikeriari amaiera emango diogu", adierazi du. Rubalcabaren esanetan, Jose Maria Aznar Gobernuko presidente ohiak ez du horretan lagundu. Aznarrek joan den astean adierazi zuenez, egungo Gobernuak erregutu egin dio ETAri, agiri berri bat ateratzeko.