Politika -

Gudari Eguna

Ahaztuak: "Txiki eta Otaegi oroimenetik ezabatu nahirik jarraitzen du Estatuak"

Jon Paredes 'Txiki' eta Angel Otaegi omendu dituzte Zarauzko hilerrian, 1975eko irailean Frankismoak ETAko bi militanteak fusilatu zituen urteurrenean.

Martxelo Alvarez Ahaztuak elkarteko bozeramailea. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Martxelo Alvarez Ahaztuak elkarteko bozeramailea. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Txiki eta Otaegi omendu dituzte Zarautzen, fusilamenduen 45. urteurrenean

1:14

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Paredes Txiki-ri eta Angel Otaegiri omenaldia egin diete Zarauzko hilerrian, 1975eko irailean Frankismoak ETAko bi militanteak Xose Humberto Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo FRAPeko kideekin batera fusilatu zituzten urteurrenean. “45 urte geroago Estatuak memoriatik ezabatu nahirik jarraitzen du, nahiz eta bere burua demokratikotzat jo”, salatu du Martxelo Alvarez Ahaztuak elkarteko bozeramaileak ekitaldian.

“Politika horrekin aurrera jarraitzeak agerian uzten du erregimen demokratiko eskasa eta erregimen frankistako zantzu ugari oraindik mantentzen dituela”, erantsi du.

“78ko erregimenak, trantsizioak eta amnistia deitutakoak Espainiako inpunitate ereduarekin aurrera jarraitzea posible egin dute”, kritikatu du Alvarezek.

Ahaztuak elkarteko bozeramailearen ahotan, Txikik eta Otaegik, gainerako fusilatuek bezalaxe, “erregimen frankistaren aurka borrokatzeko betebehar morala zuten; guztiak duintasun eredu bat dira”.

“Guztiak izan zirena aitortu behar du legeak: erregimenaren biktimak, erregimenaren aurkako borrokalariak, ez terroristak, estatu terrorismoaren kontrako borrokalariak baizik; erregimen frankista hori baitzen”, gogorarazi du Alvarezek.

"Inork ezin dio zilegitasuna kendu erregimen frankistaren kontrako borrokari, nahiz eta borroka armatua eta indarkeria erabili"

“Inork ezin dio zilegitasuna kendu estatu kolpe baten eta herrien aurkako errepresioaren emaitza den erregimen frankistaren kontrako borrokari, nahiz eta borroka armatua eta indarkeria erabili”, azpimarratu du.

Bestalde, “garaileen eta galtzaileen” kontakizun bat izateko “batzuen burugogorkeria” kritikatu du Haimar Altuna Sorturen Kontseilu Nazionaleko kideak. Altunaren hitzetan, “esan behar duguna ez digute inposatuko, are gutxiago, sentitu behar duguna”.

“Euskal Herriko bakearen eta askatasunaren alde 1936tik bizitza eman duten guztiei” zabaldu die omenaldia Altunak.

“Herri honetan kontakizun bat inposatzea nahi dute batzuek behin eta berriro, garaileen eta galtzaileen kontakizuna, baina ez da gertatutakoa, eta, gainera, oztopo bat da bidezko bake iraunkor bat eraikitzeko”, esan du.

“Alde guztiek kontakizun propioa sortzeko eskubidea dute”, onartu du, baina Sortuk “ez du berea inposatuko”. Horregatik, “inork pentsa, esan eta, are gutxiago, sentitu behar duguna esatea ez dugu onartuko”, ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoako albisteak EAE ETA Zarautz Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimak