Politika -

IV. Konferentzia Politikoa

Sortuk "erabateko burujabetza" defendatu du COVID-19ari aurre egiteko

Rodriguezen hitzetan, "lehentasuna" orain, "noski", pandemiaren ondorioei aurre egitea da, baina horretarako "burujabetza ezinbestekoa" izango da.

Arkaitz Rodriguez Sorturen IV. Konferentzia Politikoan, Donostian. Argazkia: Sortu
Arkaitz Rodriguez Sorturen IV. Konferentzia Politikoan, Donostian. Argazkia: Sortu
Arkaitz Rodriguez Sorturen IV. Konferentzia Politikoan, Donostian. Argazkia: Sortu

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak aldarrikatu duenez, COVID-19aren pandemiaren ondorio guztiei aurre egiteko “erabateko burujabetza” beharrezkoa da.

Rodriguezek Sorturen IV. Konferentzia Politikoa itxi du larunbat honetan, Donostian. Biltzar telematikoa egin du ezker abertzaleko alderdiak “Zer egin?” lelopean, datozen hilabeteetarako norabide politikoa finkatzeko.

Sortuko buruzagiaren ahotan, “lehentasuna” orain, “noski”, pandemiaren ondorioei aurre egitea da, baina horretarako “burujabetza ezinbestekoa” izango da.

“Erabateko burujabetza behar dugu, gehiengo sozialaren zerbitzura dagoen errepublika bat, batzuek diotenaren kontrakoa da; burujabetza ez da nortasun kontu bat soilik, banderen gai bat, demokrazia, justizia, askatasuna eta ongizateari lotuta dago”, azpimarratu du.

Une gogor hauetan euskal gizartea “altxatu behar da”, norabidea aldatu eta “ospitaletako eta ikastetxeetako baliabide falta, lanpostu prekario, adinekoen egoitzen egoera kaskarra eta enpresen itxieraren” atzean dauden “politikei” amaiera emateko, erantsi duenez.

Lau erronka

“Kalitatezko demokrazia bat eraikitzeko burujabetza behar dugu”, defendatu du Rodriguezek. Sorturen “erronka nagusiak” laburbildu ditu: osasun pandemiari aurre egin, “pandemia sozial eta politikoari” erantzun eta euskal presoei aplikatzen zaien “salbuespeneko espetxe politikarekin” bukatzea.

Igor Gonzalez Sola ETAko presoa (Martuteneko kartzelako ziegan hilik aurkitu zuten) “gatazkaren azken biktima” izatea espero du Rodriguezek. Sortuko buruzagiaren esanetan, “ezin da elkarbizitzaz, bakeaz, hitz egin” presoek “kartzelan jarraitzen” duten bitartean.

Urte politikoaren laugarren eta azken erronka EH Bildu koalizioa sendotzea litzateke, EA, Aralar eta Alternatibarekin batera. EH Bilduk ekainean egingo du biltzar politikoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa