Politika -
Bakea lortzeko urratsak
Indarkeria behin betiko amaitzeko mugimenduak ugaritu egin dira
Astebetean, indarkeriaren azkena lortzeko hainbat urrats egin dituzte, hala nola ETAko presoek Gernikako Akordioa sinatzea eta Ekinek desegitea erabakitzea.
Erredakzioa
Irailaren 23an ETAko presoen kolektiboak Gernikako Akordioarekin bat egin zuenetik, eragileek keinu publiko ugari egin dituzte indarkeriaren amaiera atzeraezina dela erakusteko. Analista politikoek ere argi daukate: ezker abertzalea ETAri nagusitu zaio.
Indarkeriaren amaiera hurbilago dago, eta Antonio Camacho Barne ministroak adierazi du ETA "desegite prozesu geldiezin" batean murgilduta dagoela.
Irailaren 23an, ETAko presoek iragarri zuten aho batez erabaki dutela duela urtebete ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak eta beste 30 elkartek sinatutako ituna babestea. Akordio horretan, su-etena "jarduera armatua behin betiko" uzteko borondatearen isla izatea eskatu dute sinatzaileek.
Albistea "urrats garrantzitsu"tzat jo dute alderdi gehienek eta Espainiako eta Gasteizko gobernuek, baina iragarpen inportanteena, indarkeriaren amaierarena, oraindik ere etortzear dagoela gaineratu dute.
Handik eta bost egunera, irailaren 28an, Brian Currin abokatu hegoafrikarrak su-etena egiaztatzeko nazioarteko batzordea aurkeztu zuen. Helburua, "euskal gizarteko erakunde guztiekin biltzea, Euskal Herriak eskatzen duen aliantza eta behin-betiko su-etenaren inguruan sakontzeko txostenak, ideiak eta proiektuak elkarrekin alderatzeko".
ETAk hurrengo egunean idatzitako baina asteburu honetan publikatutako agiri batekin erantzun zuen, eta batzordearekin lan egiteko prest agertu zen.
Asteburu honetan garrantzi handiko beste albiste bat izan da: Ekin-ek desegitea erabaki du. Egiaztatze batzordearekin gertatu ez bezala, kasu honetan PPk ez beste alderdi guztiek positibotzat jo dute iragarpena.
Justiziaren arabera, Ekin ETAk ezker abertzalea kontrolatzeko "komisario politikoa" eta kale-indarkeriaren sustatzailea zen. Ekinek "ezker abertzalearen estrategia aldaketaren baitan" kokatu zuen desegiteko erabakia.
Testuinguru politikoa
Politikagintzan ere mugimendu sakonak izan dira azken astean.
Adibidez, politika orokorreko eztabaidan, Patxi Lopez lehendakariak 10 puntuko "adostasunerako plan" bat aurkeztu zuen. Puntu horietako batean, gobernuburuak ETAko presoak "mailaka" hurbiltzea proposatu zuen, betiere gizarteratzearentzat onuragarria bada.
Bestalde, igande honetan, Bilduk (ezker abertzalea, EA eta Alternatiba) eta Aralarrek Amaiur koalizioa aurkeztu dute, azaroaren 20ko hauteskunde orokorretan parte hartu eta Madrilera "independentismoaren ahotsa" eramateko helburuz.
Hauteskunde horietako garailea PP izango dela ia segurutzat emanda, EAJk bakegintzan aurrera egiteko laguntza eskaini dio Mariano Rajoy buru duen alderdiari.
Testuinguru horretan, Brian Currinek sustatutako Nazioarteko Harreman Taldeak iragarri du hilean behin bilduko dela, "normalizazio politikoa" lortzen saiatzeko asmoz.
Hurrengo urratsak
ETAk indarkeria noiz utziko zain, analista politikoek uste dute hurrengo urratsa ezker abertzaleak egingo duela, erakunde terroristaren biktimak aintzatetsita.