Politika -
Futbola
Unai Etxebarria kanporatu du Granadak, Altsasuko gazteei babesa adierazi ostean
Futbolariak zigortutako altsasuarren aldeko elastiko bat zeraman jantzirik denboraldi bukaerako ospakizunetan, eta Voxen presioaren ondoren, espedientea ireki zion klubak.
eitb.eus
Granada futbol taldeak Unai Etxebarria atezaina kanporatu du, futbolariak Altsasuko gazteen aldeko elastiko bat erakutsi ostean. Uztailean, Andaluziako taldea Europa Ligarako sailkatu zenean egindako ospakizunetan, futbolari bizkaitarrak Altsasuko gazteen aldeko kamiseta bat zeraman jantzita.
Voxeko udal taldeak presio egin zuen klubak zigor zezan "ospakizun historiko bat aprobetxatzeagatik delituaren apologia egiteko harmaila pseudoetarraren txalo artean". Ondorioz, klubak espedientea ireki zion.
Futbolariak beste sasoi baterako kontratua zuen taldearekin, baina, orain, espedientea ireki eta hilabetera, kontratua etetea adostu dute Granadak eta Etxebarriak.
Vox udal taldeko bozeramaile Onofre Mirallesek erabakia ospatu du Twitterren.
23 urteko jokalaria Athleticetik heldu zen Bigarren B mailako Recreativo Granadara. 2021eko ekainaren 30era arte sinatu zuen Granadako bigarren taldean jokatzeko.
Lehen taldearekin entrenatu da, eta Errege Kopako eta Ligako zenbait deialditan sartu du entrenatzaileak.