Politika -
Katalunia
Kataluniako Parlamentuak Felipe VI.a eta Espainiako Gobernua gaitzetsi ditu
Errege emeritu Juan Carlos I.aren "ihesaldiagatik" gaitzetsi dituzte. JxCatek, ERCk eta CUPek, alegia, hiru alderdi independentistek, aldeko botoa eman dute.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Parlamentuak hainbat proposamen onartu ditu ostiral honetan, Espainiako errege Felipe VI.a eta Pedro Sanchezen Espainiako Gobernua gaitzesteko; izan ere, errege emeritu Juan Carlos I.ak "ihesaldia" egin du, Parlamentuaren iritziz.
Kataluniako hiru alderdi independentistek eman dute aldeko botoa gaitzespen hori onar dezaten; hau da, JxCatek, ERCk eta CUPek eman dute aldeko botoa. Hiru alderdi horiek gehiengo osoa dute Parlamentuan.
CUPek egindako proposamen batean zeuden bi gaitzespen horiek. Testuan gogora ekarri dutenez, Juan Carlos I.a "Fancisco Franco diktadorearen erregimen faxistaren oinorde izendatu" zutela; hori dela eta, bi aldiz zin egin zituen "Oinarrizko Legeak" eta "Mugimendu Nazionaleko Hastapenak".
"Monarkia borboitarra izan da eta bada ezinbesteko euskarria Kataluniako eskubideak jazartzeko, eta Kataluniako Errepublikaren aurkako borrokan; hala geratu zen islatuta Felipe V.ak abala eman zionean 2017ko urriaren 1eko erreferendumean izandako polizia-errepresioari", dio, halaber, onartutako testuak.
Pedro Sanchezen Gobernuarentzako, eta bereziki Carmen Calvo presidenteordearentzako gaitzespenari dagokionez, arrazoia da "lagundu" dutela “Juan Carlos I.aren ihesaldian”. Horrez gain, "monarkia borboitarrak izandako immunitatean konplizeak izan dira".