Politika -
Diputatuen Kongresua
EAJ abstenitu egingo da ondarearen gaineko zergaren inguruko botazioan
Urkulluk baieztatu duenez, jeltzaleak abstenitu egingo dira ondarearen gaineko zerga berrezartzeko asmoaren atzean Gobernuak "hauteskunde-helburua" duelako.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak jakinarazi duenez, EAJ abstenitu egingo da ondarearen gaineko zerga berrezartzeko botazioan. Diputatuen Kongresua zerga hori berrezarriko ote duen eztabaidatzen ari da gaur.
"EAJ ez dago neurriaren aurka, baina proposamenaren itxura eta funtsa ez dator bat ekonomiak behar duen oinarrizko erreformarekin eta Espainiako ekoizpen sistemarekin", esan du.
Ildo horretan, Gobernuaren proposamenaren atzean hauteskundeei begira botoak lortzea dagoela esan du Urkulluk.
Bestalde, EAEn lurralde historikoek beren "eskumenak eta autonomia" dutela ziurtatu du, eta horrek "baliteke mugako lurraldeekin arazoak sortzea eta lantegi batzuk kanpora eramatea". Hortaz, EAJren jarrera logikoena abstenitzea da.
Faisan auzia
Auzitegi Nazionalak beste auzi batzuk Faisan auzian jarritako "arreta berarekin" ikertzea nahiko lukeela esan du Urkulluk; besteak beste, Bateragune auzia aipatu du.
Horren harian, Euskal Herrian egun dagoen egoerak "Auzitegi Nazionalaren osoko bilkuraren aldetik antzeko jarrera merezi zuen, Bateragune auzian ere".
Urkulluren iritziz, epaileen erabakiak "batzuk eta besteak asebeteko ditu", baina "arraroa" da "horrenbeste denbora" igaro denean "zer ikertu izatea oraindik".
"Nik eskatuko nukeena da beste auzi batzuk ere ikertzen jarraitzea eta hartu diren moduko erabakiak ez hartzea", gaineratu du.