Politika -
Batzar Nagusiak
Atzera bota dute PPk ETA gaitzesteko Gipuzkoan aurkeztu duen mozioa
PPren beraren eta PSE-EEren babesa jaso du soilik, EAJk, Bilduk eta Aralarrek kontra bozkatu baitute.
Erredakzioa
Gipuzkoako Batzar Nagusiek atzera bota dute PPk ETA gaitzesteko aurkeztu duen mozioa, izan ere, PPren beraren eta PSE-EEren babesa jaso du soilik, eta EAJk, Bilduk eta Aralarrek kontra bozkatu dute.
EAJk, Aralarrek eta Bilduk aurkeztutako zuzenketek ere ez dute aurrera egin.
Idoia Ormazabal Bilduren bozeramaileak esan du PPren proposamena ez datorrela bat "egungo egoerarekin, euskal gizarteak dagoeneko gainditu duen eskema batean" oinarritzen baita eta "harago joateko garaia da, alde bakarreko proposamen zaharkituak ahaztu" eta "eskema" berriak bilatzeko.
ETAk "konpromiso argiak" hartu dituela gogorarazi du, eta Estatuak "pausoak eman gabe" jarraitzen duela. Era berean, Bilduko kideek indarkeriaren kontrako "konpromiso etikoa" sinatu dutela baina PPk ez duela "frankismoa gaitzetsi" azpimarratu du.
EAJren aldetik, Markel Olanok planteamendu "integrala" eskatu du, biktima guztiak barne hartzen dituena, batzuk "egoera txarragoan" ez uzteko.
Rafaela Romero PSE-EEren bozeramaileak Bilduri zuzendu dizkio kritikak eta "pentsamendua bahituta" dutenen "ignorantzia baino handiagorik ez" dagoela esan du, "jarrera horrekin fanatismora, dogmatismora eta koldarkeriara baitoaz".
Juan Carlos Cano PPko batzarkideak, bere aldetik, "euskal eta espainiar gizartearen memoria anestesiatzen" ez duela utziko azpimarratu du.