Politika -

Diputatuen Kongresua

Voxek zentsura mozioa aurkeztuko du irailean Sanchezen aurka

PPren "erantzukizunari" dei egin dio bereziki, "Espainiako bigarren alderdi gisa", eta Sanchezek galdetu Casadori galdetu dio ea "PPrena ala Voxena" egingo duen bozketan.

Santiago Abascal Voxen burua. Argazkia: Efe
Santiago Abascal Voxen burua. Argazkia: Efe
Santiago Abascal Voxen burua. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Abascal Voxen buruak gaur iragarri duenez, Pedro Sanchezen Gobernuaren aurkako zentsura-mozioa aurkeztuko du irailean, Espainian "hondamendia" eta "heriotza" nagusitu ez dadin, eta horrekin bat egiteko eskatu dio PPri.

Sanchezek Europako Kontseiluaren azken akordioen berri emateko agerraldia egin ostean egin du iragarpena Abascalek, Kongresuko osoko bilkuran.

"Espainiarrek ez dute taktika politikoez ulertu behar, ezin dute gehiago itxaron. Eragotzi dezagun txarrena eta itzul diezaiogun ahotsa Espainiako herriari ", eskatu du Vox alderdiko buruak.

PPren "erantzukizuna" azpimarratu du, "Espainiako bigarren alderdi gisa", baina mozioarekin bat egiteko gonbita luzatu die alderdi guztietako diputatuei, "Espainia hondamendira, heriotzara eta zapalkuntzara ez erortzeko garaiz" daudela uste baitute.

"Espainiako gizarteak gugandik askoz gehiago exijitzen eta merezi du", ohartarazi du Abascalek, eta Gobernuari leporatu dio "etengabeko itxurakerian" bizitzea eta "kudeaketa okerrena" eta "hilgarriena" egin izana.

Baina ohartarazi du Sanchezen eta haren bazkide Pablo Iglesiasen kudeaketaren "hondamendia" ez dela amaierara iritsi, eta hartzen duten erabaki bakoitzarekin larriagotu egiten dela.

Legez kanpoko immigrazioa

Adierazi duenez, berreraikitze funtsa, azken batean, Espainia iparraldeko herrialdeen menpe egotea ekarriko duen erreskate bat da, legez kanpoko immigrazioarentzat "dei efektua" izateaz gain.

Azken egunotan legez kanpoko immigrazioa "ehunka kutsaturen inbasio isila" egiten ari dela salatu du.

"Ez daitezela etorri osasun kontrolak dituztenak Espainian dirua gastatzera, eta, bai, etor daitezela Afrika iparraldetik inolako kontrolik gabe, legez kanpo, kutsatuta eta espainiarrei iristen ez zaien dirutik kobratzera", kritikatu du.

Txina eta OME

Abascalek krisiaren erantzukizuna Txinako Gobernuari eta Osasunerako Mundu Erakundeari ere egotzi die. Azken hori "Txinako propaganda organo" gisa deskribatu du, eta, Espainia erakundetik atera beharko litzatekeela gaineratu du.

Ildo beretik, Txinako Gobernuarekin duen adiskidetasun akordioa hausteko eskatu dio Sanchezi.

Sanchezek PPri galdetu dio ea "PPrena edo Voxena" egingo duen

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidenteak Voxen zentsura mozioa izan du hizpide erantzunen txandan, eta Pablo Casado PPren buruari zuzendu zaio, bere alderdiak ekimen horren aurrean "PPrena edo Voxena" egingo ote duen galdetzeko.

Sanchezek esan du PP "gehien beldurtzen" duena dela Abascalen alderdiak zentsura mozioa aurkeztu izana.

"Voxek Voxena egiten du. Zer egin behar du PPk? Voxena egingo du edo PPrena?", galdetu dio Sanchezek Casadori, eta "zortea" opa dio "kideekin". "Horrela ordaintzen dituzu akordioak Gobernuarekin", gaineratu du.

Sanchez, gainera, ironiaz zuzendu zaio Abascali zentsura mozioa irailerako utzi duela eta. "Horren premiazkoa bada zuretzat gobernu hau aldatzea, zergatik itxaron irailera arte? Zer gertatzen da? Oporretan zoaz?", adierazi du Sanchezek, Voxek guztiaren "errua txinatarrei, migratzaileei, emakumeei" edo Gobernuko presidenteari egozten diola azpimarratu aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Vox Santiago Abascal