Politika -
Elkarrizketa ETBn
EAJk dio Bilduk bere 'gabeziak ezkutatzeko' eskaini diola ituna
Andoni Ortuzar EAJren Bizkaiko buruak nahiago du "bakoitza bere aldetik" joaten bada eta "herritarrek erabaki dezatela".
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren Bizkaiko presidenteak uste du Bildu koalizioak hauteskunde orokorretan elkarrekin aurkezteko egin dion proposamenak "beste gabezia batzuk ezkutatu" nahi dituela, "proiekturik ez duela" alegia.
"Gu gure aldetik joango gara eta haiek haien aldetik, erabaki dezatela herritarrek", adierazi du Ortuzarrek ETBko Egunon Euskadi saioan egin dioten elkarrizketa batean.
Buruzagi jeltzaleak azaldu duenez, EAJk "30 urte" daramatza Euskadiren interesak Madrilen defendatzen, beraz, "orain Bildu guregana etorri eta Madrilera elkarrekin joan nahi duela esateak ia barregura eragiten digu".
Gainera, Ortuzarrek gogorarazi du "orain Madril deskubritu dutenek" lehen "traidore" esaten zietela jeltzaleei Madrilgo Diputatuen Kongresuan egoteagatik.
Buruzagi jeltzaleak azpimarratu du EAJ Nafarroa Bai koalizioan ari dela lan egiten, nahiz eta EAk koalizioa utzi eta Aralarrek hauteskunde orokorretan Bildurekin joatea erabaki.