Politika -
Europar Batasuna
Nadia Calviño Eurotaldeko presidentegai izango da
Pedro Sanchezek esan du "ohorea" izango litzatekeela Calviño Eurotaldearen presidente izatea, "Espainiak" eta emakume batek "sekula izan ez duen ardura" den heinean.
agentziak | erredakzioa
Nadia Calviño Espainiako Gobernuko presidenteorde ekonomikoa Eurotaldeko presidente izateko hautagai izango da, Moncloatik jakinarazi dutenez. Aipatu iturriek adierazi dute Eurotaldea oso erakunde garrantzitsua dela Euroguneko kideen elkarlanerako eta Europa "indartsuagoa eta batuagoa" eraikitzeko.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen ustez, "ohorea" izango litzateke Calviño Eurotaldeko presidente izatea, ardura hori "sekula ere ez duelako hartu bere gain Espainiak, ezta emakume batek ere".
Nadia Calviñok berak txio bat argitaratu du horren harian: "Eurotaldeko buru izateko nire hautagaitza aurkeztu dut, Europako herritar guztien mesedetan eurogune indartsu eta oparo baten alde lanean jarraitzeko borondatearekin".
Nadia Calviño Pierre Gramegna Luxenburgoko Finantza ministro liberalarekin (2017an aurkeztu zen) eta Paschal Donohoe Irlandako ministro kontserbadorearekin (hautagaitza ofizial egin dute) borrokatuko da Eurotaldeko presidente izateko bidean.
Hiruretako bat Portugalgo Finantza ministro ohiaren ondorengoa izango da uztailaren 13tik aurrera, bi urte eta erdiko agintaldi baterako, eta ekonomia suspertzeko lanak izango ditu, koronabirusaren pandemiak sortutako atzeraldi sakonaren ondorioz.
Calviñok gutun bat bidali die Euroguneko ministroei, eta bertan hitzeman du Eurotaldeko presidente izateko aukeratzen badute, estatu guztiekin lan egingo duela "akordio orekatuak" eta "adostasun sendoa" lortzeko, Eurogunean batasuna sortzeko, susperraldia bizkortzeko eta hazkunde "inklusiboa" lortzeko.
Euroguneko gainerako Ekonomia eta Finantza ministroei ostegun honetan bidalitako gutun batean, Eurotaldeko presidente izateko hautagaitza ofizialki aurkezteko eta Mario Centeno portugaldarraren lekua hartzeko.
Hautagai bat baino gehiago balego, bozketa bidez hautatuko lukete, eta, bertan, irabazleak euroguneko hemeretzi ministroetako hamarren babesa lortu beharko du gutxienez. Bat bera ere ez bada kopuru horretara iristen, babes gutxien duen hautagaia kanpoan utzi, eta berriro bozkatuko dute. Prozesua bata bestearen atzetik errepikatuko litzateke, bi izen bakarrik geratu eta bat gailendu arte.
Aukeratutako pertsonak irailaren 11n Berlinen egitekoa den Eurotaldearen bileran estreinatuko du kargua, abuztuan ezohiko bilera bat deitu ezean. Ondoren, bi urte eta erdi izango ditu krisiaren ondorioei aurre egiteko.
Babesa
Espainiako Gobernuaren ustez, Alemaniaren, Frantziaren eta Italiaren babesa izango du Calviñoren hautagaitzak, baina exekutiboek ez dute babes hori publikoki adierazi.
Espainiako Estatu mailan, oposizioko alderdiek (Cs, PP eta Vox) Calviño Eurotaldearen buru izateko aukeraren alde egin dute, Coruñakoa, ikuspegi ekonomikotik begiratuta, koalizio-gobernuaren partaide ortodoxoena dela iritzita.