Politika -
Presoak
Garikoitz Arruarte eta Gorka Lupiañez presoak hurbilduko dituztela iragarri dute
Espetxe Zuzendaritzak jakinarazi duenez, Arruarte Almeriatik Soriara eramango dute, eta Lupiañez, Salamancatik Logroñora.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Garikoitz Arruarte Santa Cruz eta Gorka Lupiañez Mintegi presoak Euskal Herritik hurbilago dauden espetxeetara lekualdatzea onartu duela jakinarazi du Espainiako Espetxe Zuzendaritzak.
Arruarte Almeriako kartzelatik Soriakora eramango dute, eta Lupiañez, Salamancako Topas espetxetik Logroñokora.
Garikoitz Arruarte 2003ko abenduaren 29an espetxeratu zuten, 20 urteko kartzela-zigorra ezarrita. 2018ko abenduan bete zituen zigorraren hiru laurdenak.
Gorka Lupiañez 2007ko abenduaren 11n sartu zuten preso. 2019ko urriaren 28an bete zuen 11 urte eta 11 hilabeteko zigorra, baina beste auzi batean epaitu zuten gero, eta berriro zigortu zuten. Bigarren gradua eman diote.