Politika -
Guardia Zibila
Guardia Zibilaren hirugarrena aldatu du Marlaskak
Barne ministroak Felix Blazquez Gonzalez dibisioko jenerala proposatu du Guardia Zibilaren Operazio Aginteko buru izateko.
Agentziak | Erredakzioa
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak Felix Blazquez Gonzalez dibisioko jenerala proposatu du Guardia Zibilaren Operazio Aginteko arduraduna izateko, orain arte kargu horretan egon den Fernando Santafe teniente jeneralaren ordez.
Ustez martxoaren 8ko manifestazioaren inguruan egin eta epaitegira bidalitako txostenagatik Diego Perez de los Cobos teniente koronela Guardia Zibilak Madrilen duen Komandantziaren buruzagitzatik kendu eta ordu batzuetara kargugabetu du Marlaskak Santafe.
Diego Perez de los Cobosen kargugabetzearen ostean, Laurentino Ceña Guardia Zibileko zuzendari laguntzaile eragileak bere kargu-uztea proposatu zion Marlaskari, erretiroa hartzeko egun batzuk besterik falta ez zitzaizkion arren.
Barne Ministerioak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Felix Blazquez dibisioko jenerala Guardia Zibilaren Operazio Aginteko arduradun izendatzea adostu dute Marlaskak eta Margarita Robles Defentsa ministroak.
Gibraltarko itsasartean, Alborango itsasoan eta inguruko uretan immigrazio irregularrari aurre egiteko jarduerak koordinatzeaz arduratu da orain arte Blazquez jenerala.