Politika -

Konstituzioaren erreforma

PSOEk erreferenduma baztertu eta negoziazioan malgutasuna iragarri du

Diputatuen Kongresuak Konstituzioaren erreforma premiazko bidetik bideratu ala ez erabakitzeko ezohiko saioa egingo du asteartean.

Rubalcabaren arabera, negoziazioek ez dute akordioa "arinduko". Argazkia: Efe.
Konstituzioa erreformatzeko akordioa aurkeztu dute PSOEk eta PPk

01:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adostutako erreforma konstituzionalaren inguruko erreferenduma egitea baztertu egin du Alfredo Perez Rubalcaba sozialisten hautagaiak. Hala ere, Parlamentuan negoziatzeko orduan "malgutasuna" agertuko dutela agindu die talde politikoei, helburua ahalik eta babes gehien lortzea baita.

Ferrazen emandako prentsaurrekoan, Konstituzioak berak erreformarako mekanismoak agertzen dituela azpimarratu du Rubalcabak, eta horren arabera, giza eskubideekin lotuta ez dauden gaiek erreferendumaren beharrik ez dutela nabarmendu du.

IU, UPyD, BNG eta CiU alderdiak erreferendumaren alde agertu badira ere, Talde Sozialistak "adostasun politikoa handitzeko borondatea" duela esan du Rubalcabak.

Ministro ohiak, negoziazioetan "nolabaiteko malgutasuna" izango dutela iragarri du. Hala ere, malgutasun horrek "mugak izango ditu", PPrekin lortutako akordioa "arindu ez dadin".

PP: "Akordio ona da"

Soraya Saenz de Santamaria Kongresuko PPko bozeramaileak akordioa "ona" dela esan du, ekonomiari beharrezkoa duen konfiantza ematen diolako eta Ongizatearen Estatua, gizarte politikak eta herstura bermatzen dituelako.

PPko kideak akordioa Kongresuko erregistrora eraman ondoren egin ditu adierazpen horiek. Erregistrora Jose Antonio Alonso sozialisten bozeramailearekin, Francisco Frenandez Marugan Aurrekontuetako bozeramailearekin eta Txiki Benegas diputatuarekin batera joan da.

Saez de Santamariaren argi utzi nahi izan du negoziazioetan Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentea eta Mariano Rajoy PPko liderra izan direla, eta Alfredo Perez Rubalcaba hautagaiarekin ez dutela "bilerarik egin".

Ezohiko bilkura, asteartean

Jose Bono Kongresuko presidenteak ezohiko saioa deitu du Kongresuan astearterako. Osoko bilkura 10:00etan hasiko da, lege proposamenaren aldeko taldeen defentsarekin.

Jarraian, gainontzeko talde parlamentarioen bozeramaileek haien iritziak aurkeztuko dituzte eta ondoren zuzeneko bideratzearen eta irakurketa bakarraren bozketa hasiko da, Diputatuen Kongresuko Araudiaren 150. artikuluari jarraituz.

Lege proposamen hori onartzeko ez da hiru bostenetako gehiengo kalifikatua behar, baina bai azkeneko onarpena eztabaidaitzen denean. Hori ostiralean izango da, beste osoko bilkura batean. Taldeek 48 ordu izango dituzte -asteazkena eta osteguna- zuzenketak aurkezteko.

Gaspar Llamazares EBko diputatuak osoko zuzenketa aurkeztuko duela aurreratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea