Politika -

Konstituzioaren erreforma

Konstituzioak erabakitze eskubidea aitortzea nahi du EAJk

Eusko Legebiltzarrak 1990ean onartu zuen mozio batean oinarrituko da jeltzaleen ekimena. Testu horretan, autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk ekimena aurkeztuko du Kongresuan Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak proposatu duen Konstituzioaren erreforma baliatuz Konstituzioan autodeterminazio eskubidea sartzeko.

Deia egunkariak eman du informazio horren berri eta Josu Erkoreka diputatu jeltzaleak baieztatu du Onda Vasca irrati-katean.

Eusko Legebiltzarrak 1990ean onartu zuen mozio batean oinarrituko da jeltzaleen ekimena. Testu horretan, autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuten.

Aipatu mozio horretan azaltzen zenez, "euskal herritarrek autodeterminaziorako eskubidea dute. Eskubide hori herritarrei estatus politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala erabakitzeko ematen zaien eskubidean datza, marko propio bat ezarriz edo subiranotasuna beste herri batzuekin partekatuz".

Estatutua da mozioaren zutabe nagusia eta euskal erakundeak direnez  "subiranotasunaren hartzaileak", haiei eman zitzaien autodeterminazio bultzatzeko ardura.

Mozioa EAJren, EAren eta Euskadiko Ezkerraren aldeko botoekin onartu zuten, PSEk (EAJrekin agintzen zuen EAEn) eta talde mistoak kontra bozkatu zuten eta Herri Batasuneko legebiltzarkideek ez zuten bozketan parte hartu.

Erkorekak gogorarazi du EAJk "inoiz ez" duela baztertu erabakitzeko eskubidea, hori baita "helburu nagusia". Hori dela eta, EAJren diputatuak esan du "ziurrenik" erabakitzeko eskubidea Konstituzioan sartzeko aprobetxatuko dutela erreforma.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea