Politika -
Koronabirusa
Jardueraren itzulera errazteko kontziliaziorako neurriak eskatu ditu Chivitek
Norbanakoaren erantzukizunarako eta belaunaldien arteko elkartasunarako deia egin du Chivitek bere hitzaldian, deseskalatzearen faseetan aurrera egin dezagun.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jarduera ekonomikoaren itzulera errazteko kontziliaziorako neurriak "ahalik eta lasterren" zehazteko eskatu dio Maria Chivite Nafarroako presidenteak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari.
Nafarroako ikastetxeek ez dute euren jarduerari ekingo irailera arte. Hori dela eta, Hezkuntzaren inguruko bilera monografikoa eskatu du Chivitek Pedro Sanchezekin eta gainerako erkidegoetako presidenteekin igande honetan izandako bideokonferentzian.
Norbanakoaren erantzukizunarako eta belaunaldien arteko elkartasunarako deia egin du Chivitek bere hitzaldian, deseskalatzearen faseetan aurrera egin dezagun, eta informazio-kanpainak proposatu ditu herritarrei gogoratzeko "ezin dugula erne egoteari utzi, birusak gure artean jarraitzen duelako".
Gainera, "ahal den neurrian, segurtasun ekonomikoak" eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, esaterako, defizitaren tartea edo erkidegoek jasoko dituzten Espainiako eta Europako diru-laguntzak zehaztea, Nafarroa Suspertu Planarekin aurrera egin ahal izateko.
Bestalde, leku itxietan maskarak derrigor erabiltzearekin ados azaldu da Chivite, pertsonen arteko distantzia bermatu ezin denean bereziki. Zentzu horretan, txirrindulari eta mendizale bezalako kirolariei erne ibiltzeko eta neurriak errespetatzeko eskatu die, edozein pertsona mugitu daitekeelako Nafarroatik lan egitera edo taberna batera zer edo zer hartzera.