Politika -
Bilboko Aste Nagusia
Txosnak itxita, debekuak salatzeko
2010ean Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsei txosnak jartzea debekatu zietenetik egiten duten bigarren plantoa da.
Erredakzioa
Bilboko konpartsek plantoa egin dute asteazken honetan eta txosnak itxita egon dira egun osoan "partehartzea eta adierazpen askatasuna mugatzen eta isunak bikoizten" ari direla salatzeko. Izan ere, Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsei ez diete txosnak jartzen uzten 2009an presoen argazkiak erakutsi zituztenetik.
Garikoitz Goikoetxea eta Itziar Villafañez Bilboko Konpartsen ordezkariek gogorarazi dute iazkoan "argi" geratu zela "konpartsarik gabe ez dagoela Aste Nagusirik".
Dena dela, konpartsek uste dute egoera "bidera" daitekeela, hori dela eta, Udalarekin harremanetan izan dira aurten eta "jarrera interesgarriak" ikusi badituzte ere, "konpromisoak" nahi dituzte, izan ere, "sintonia ona den arren, ez da ezer zehaztu".
Egoera horren aurrean, konpartsek txosnak ixtea erabaki dute asteazken honetan, iaz egin zuten moduan, baina aldarrikapenak egiteko hainbat jarduera antolatu dituzte.
Besteak beste, erronka bat egingo dute, bi solairuko autobus bat "konpartsen indarrarekin" mugituko dute Plaza Biribiletik, Kale Nagusian zehar, Moyua Plazaraino, 19:00etan.
Ordu berean, "konpartsen harrotasunaren desfilea" egingo dute, kamiseta beltzak jantzita, baina "mozorrotuta", eta hiriko leku publikoetan debekatuta dauden zenbait ekintza egingo dituzte: bizikletan ibili, afari bat egin, bilera bat, etab.