Politika -
Koronabirusa
Sonia Perez: "Inbertsioak ezin dira presaka egin, baliteke beharrezkoak ez izatea"
Radio Euskadin aurreratu duenez, "aldi baterako lan-erregulazioen epeak deseskalatze faseetara egokituko dira" krisi ekonomikoaren ondorioak gehien jasango dituzten sektoreetan.
Radio Euskadi | Erredakzioa
Koronabirusak eragindako krisiak gehien bat turismoan, merkataritzan eta kontsumoan duela eragina esan du astearte honetan Sonia Perez Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak. "Turismoak izango ditu krisia atzean uzteko zailtasun gehien", azaldu du Radio Euskadiko Boulevard albistegian. Ildo horretatik, kanpotik datozen turistak aurten ez direla Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) etorriko aurreikusi du. "Ekitaldien ordez naturarekin lotutako turismoa bultzatu beharko da".
Horrez gain, tokiko dendei laguntzeko asmoz, Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek elkarrekin lantzen ari diren kontsumorako bonu bat martxan jarriko dutela aurreratu du Perezek. Enpresa txiki eta ertainei zein autonomoei bideratutako 1.000 milioi euroko abalak merkaturatzea balioan jarri du. "Azpiegitura kostuetarako 30 milioi euroko funts bat prestatzen ari gara".
"Negozio asko hurrengo faseen zain daude ateak irekitzeko". Perez sailburuak aitortu duenez, negozioek "egokitu, lantaldeak egokitu eta protokoloak ezartzeko aukera izan behar dute", jarduerari etekin osoz ekin aurretik. "Erosketak egiteko eta tabernetara itzultzeko gogoa dago". Perezek zehaztu duenez, jatetxeetan manparak instalatzea ez dago inongo arauditan jasota. "Araudia higienera, distantziara eta edukierara mugatzen da", eta, ondorioz, "inbertsioak ez dira presaka egin behar, baliteke beharrezkoak ez izatea".
"Lan kostua da negozio batean kalte gehien egiten duena. Aldi baterako lan-erregulazioen epeak deseskalatze faseetara egokitzeko lanean ari dira Espainiako Gobernuan".
"Uda honetan oporrak Euskadin igaro behar ditugu, tokiko turismoa bultzatuz". Hala, Turismo sailburuak azaldu duenez, Espainiako turismora bideratu dituzte euren kanpainak, eta, ondoren, nazioartera eta negozio zein kongresuetara iritsiko dira.
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du: