Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Izagirre: 'Denek biktima guztiak omenduko dituzten eguna helduko da'
Horrez gain, "herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea lehenago edo beranduago" izango duela esan du Donostiako alkateak.
Erredakzioa
Egindako azken adierazpenekin, "normalizazioaren aldeko apusturik" egiten ez duela "erakutsi" du Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen iritziz. Horrez gain, "herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea lehenago edo beranduago" izango duela esan du Izagirrek.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Antonio Basagoitik El Mundo egunkariari eskainitako elkarrizketan egindako adierazpenei erantzun die. Basagoitiren ustez, PPren Gobernu bat "ona" izango da "ETArekin amaitzeko". "Horrela jarraitzekotan Bildu prest egotea espero dut", gaineratu du.
Izagirrek bere kezka agertu du Basagoitiren hitzen aurrean eta, esan duenez, "agurtzeari uko egiten dion pertsona batek bere buruaz asko esaten du".
"Haiek jakingo dute irabaztekotan zer egin behar duten, baina herri honek normalizazio politikoaren alde egitea erabaki du, eta horrek ez du atzerapausurik", azaldu du Izagirrek.
Bestalde, "biktima guztien aitormenaren eta kontziliazioaren" aldeko apustua berretsi du Donostiako alkateak. Bere hitzetan, denek "biktima guztiek omenduko dituzte" etorkizunean, nahiz eta, horretarako, denbora tarte luze bat igaro beharko den.
Bilduren aurkako "zalantzak" ulertzen dituela esan du Izagirrek, baina ez "kritika iraingarriak". "Atzerapausurik izango ez duen bideari ekin diogu, eta, amaierako agertokian denak elkarrekin bizitzeko gai izango gara eta kolore guztietako biktimak omenduko ditugu; hala ere, denbora tarte luzea behar da egoera hori lortzeko", azaldu du.
"Bitxiena" gauzak egiten dituztenean, eta gauzak egiten ez dituztenean ere, kritikak jasotzen dituztela esan du. "Egoera horrek lana zailtzen digu, ez dakigulako nondik jo", azpimarratu du.
"Nire ustez gu ondo goaz, eta denen helburua bake agertoki bat baldin bada, bide horretatik goazela uste dut, eta, norabide horretan, gainerakoekin bat egitea espero dugu".
Bestalde, Donostiak "Odonizazioaren" eragina 20 urtez igarri duela nabarmendu du Izagirrek. Bere ustez, Odon Elorza alkate ohiak "galtzen ikasi beharko luke".
Izagirreren iritziz, Elorzak "lan handia egin du" Donostiaren alde, nahiz eta "hiri ereduaren inguruko" iritzi ezberdinak izan.