Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Denis Itxaso: "Aste amaieran farmazietan maskarak egon daitezen ari dira lanean"

Radios Euskadin azaldu duenez, "Espainiako Gobernuak 2,5 milioi maskara banatu ditu jada ospitale eta zahar-etxeetan". Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak beste batzuk erosi dituela azaldu du.

Denis Itxaso, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Artxiboko argazkia: Euskadi Irratia
Denis Itxaso, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria.
Denis Itxaso, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Artxiboko argazkia: Euskadi Irratia

Radio Euskadi | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen ordezkariak azaldu duenez, "jende-pilaketak saihestu dira" garraio publikoetan egiten ari diren maskara banaketetan. Banaketa "43 udalerritan" egiten ari dira, eta Babes Zibileko, Gurutze Gorriko eta DYAko kideak arduratzen ari dira horretaz.

Espainiako Gobernuaren ordezkariak azpimarratu duenez, "urruntze soziala uneoro izan behar da gogoan, eta eskuak garbitzen zein higiene pertsonalarekin jarraitu beharra dago". Halaber, garraio publikoan maskarak erabiltzea gomendagarria dela esan du.

Maskarak "gaur eta bihar" banatuko dituzte, eta dagoeneko 494.000 maskara eman dizkiete DYAri eta Gurutze Gorriari; horietatik "258.000 Bizkaian, 162.000 Gipuzkoan eta 74.000 Araban". Denis Itxasok azaldu duenez, "banaketa metroan, Renfe Aldirietako geltokietan, Topoan eta autobus metropolitarretan egiten da, besteak beste".

"Aste amaierarako farmaziak maskaraz hornitzeko lanean ari dira, Txinarekin akordioak lortu ostean", azaldu du Denis Itxasok. "EAEn 110.000 test azkar banatu dira", gaineratu du.

Bestalde, Denis Itxasok ziurtatu duenez, "Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin hartutako konpromisoak beteko dira", baina, orain, Espainiako Gobernua "pandemiari aurre egiteko lanean ari da". Obra publiko guztiak "konfinamenduak iraun duen bitartean geldirik egon dira", eta AHTaren obrei ere eragin die. Gauzak horrela, "pandemiak atzerapenak eragingo ditu AHTaren egutegian".

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia bideoak Gaixotasunak Denis Itxaso Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Maskarak koronabirusa Farmaziak